Pagolarren instalatu nahi dituzten 200 metroko 6 aerosorgailuen kontrako alegazioak prestatu dituzte, herritarrek aurkeztu ditzaten

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 11a, 16:30

Aiaraldeko Mendiak Bizirik! plataformak helegiteak sortu ditu proiektuaren aurka. / Aiaraldea.eus

Laudion eta Okondon eragingo du nagusiki Ferosca II egitasmo eolikoak eta Aiaraldeko Mendiak Bizirik! plataformak helegiteak erredaktatu ditu, eskualdeko herritarrek erakunde publikoetan aurkezteko.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik! plataformak jarraitzen du bere jarduerarekin eta alegazioak idatzi eta partekatu ditu Ferosca deituriko azpiegitura eolikoaren aurka.

Zehazki, Ferosca Wind SL enpresak 200 metroko sei aerosorgailu kokatu nahi ditu Pagolar mendian eta inguruetan. Plataformak adierazi du horrek kalteak sortuko dituela Aiaran, Laudion eta Okondon eta horregatik zabaldu du deia herritarren artean, prestatutako alegazioekin bat egin dezaten.

Enpresaren Ingurumen Inpaktuaren Azterketa eta proiektua

Aiaraldeko Mendiak Bizirik! taldeak adierazi duenez, konpainiak otsailaren 13an aurkeztu zuen Ingurumen Inpaktuaren Azterketa eta proiektua. Plataforma ez dator bat azterketaren edukiarekin, "ez baitira aztertu alegazioetan salatzen ditugun funtsezko alderdiak: zarata, aerosorgailuetatik 2 kilometroko distantziara bizi direnen osasuna, landa-udalerrietako ekonomian izan ditzakeen eraginak, datu meteorologiko fidagarririk eza, hirigintza- eta ingurumen-araudiak ez betetzea…".

Ingurumenaren defentsan aritzen den kolektiboak azpimarratu du enpresaren dokumentazioan proiektuaren inpaktuak sakon aztertuta egon beharko luketela eta, juridikoki, orain dela alegazioak aurkezteko aukera bakarra.

Horregatik, hain zuzen, helegiteak sortu dituzte eta hemen zein Zuhaitza liburudendan edo Mastercopyn (biak Laudion) eskuratu daitezke, baita aiaraldekomendiakbizirik@gmail.com helbidera idatzita. Hori bai, martxoaren 25ean beranduenez bidali behar dituzte herritarrek erakundeetara.

Horretarako bide anitzak daude:

  • Udalen erregistroan, Eusko Jaurlaritzarekin duten hitzarmen baten bidez.
  • Posta arruntaren bidez, Arabako Industria Administrazioaren lurralde-ordezkariari zuzendua.
  • Sinadura elektronikoaren bidez, hemen.
  • Egoitzan: Donostia-San Sebastian kalea 1, 01010 Gasteiz.
  • Gaurko egunez konfirmatuta dauden hurrengo mendi taldeen egoitzetan: Goikogane (Laudio), Mendiko Lagunak (Amurio) eta Txarlazo (Urduña).

Informazio kanpaina

Aiaraldeko Mendiak Bizirik!-ek, gainera, informazio kanpaina abiatu du egun hauetan eta bi hitzaldi antolatu ditu: astearte honetan 18:30ean Aiarako udaletxeko areto nagusian (Arespalditzan) eta ostegunean ordu berean Laudioko Kultur Etxeko Arraño gelan.

Solasaldi horietan Ferosca proiektuaren berri emango dute, baina eskualdean dauden beste egitasmoak ere aipatuko dituzte (Larragorriko zentral eolikoa, Ferosca II, azpiegitura fotovoltaikoak...). Halaber, Arantxa Tapia Ekonomia Sailburuak aurkeztutako Lurralde Plan Sektorialaren nondik norakoak ere izango dituzte hizpide.

Horrekin guztiarekin, plataformak animatu nahi ditu aiaraldearrak "eskualdean geratzen diren espazio libre bakarrak babestera".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide