Pasa den asteburuan izan zen Toledoko Cazalegas udalerrian hango Open Iberiarra eta Aiaraldeko sei borrokalarik eman zuten izena norgehiagokan. Emaitzak hobezinak izan ziren eta guztiek lortu zuten domina ekartzea. Hain zuzen, urrezko bost domina eta zilarrezko bat etorri dira eskualdera.
Gainera, aiaraldearrek diziplina anitzetan eman zuten izena. Esaterako, Jorge Bengoak eta Ruben Dominguezek 77 eta 63 kiloko kategorietan parte hartu zuten K1ean, hurrenez hurren. Jon Garciak Muay Thain egin zuen eta Anartz Dominguezek, Azkain Menoyok eta Aratz Casadok kick boxingean.
Ibai Ruiz Thailandian
Bere aldetik, martxoaren 19an Thailandiako Rajadamnern Stadiumen borrokatu zen Ibai Ruiz. Kirol azpiegitura oso enblematiko horretan egin zuen debuta amurrioarrak eta, ondo egin bazuen ere ("borroka oso ona eskaini genuen", bere hitzetan), ezin izan zuen gainditu esperientzia handiko aurkari baten kontra eta puntuetan galdu zuen.
