Badirudi Zaraobe Institutuan plazarik gabe geratu ziren 18 gazteek tokia izango dutela hezkuntza zentroan 2024/2025 ikasturtean. Izan ere, institutuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. mailako gela bat gehiago izango du azkenean, Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik! plataformak Aiaraldea Komunikabideari adierazi dionez.
Zaraobe Institutuak familiei gaur eguerdian komunikatu dienez, printzipioz, hara bideratuko dituzte plaza eskatu zuten 18 nerabeak. "Itxaron zerrendan geratu ziren ikasle guztiek tokia izango dute gure zentroan", aipatu dute.
Hala ere, hezkuntza zentroak senide guztiei gomendatu die erreklamazioa egitea edozein arazo ekiditeko.
Eredu aldaketa
Hezkuntza Sailak adierazi duenez, 18 familia horiek B eredutik D eredura aldatu zirenez, matrikula berritzat jo zituzten. Hori dela eta, hasiera batean Zaraobe Institutuan matrikulatu ordez, Amurrioko itunpeko bi hezkuntza zentrora eta Laudio Institutura bidali behar zituzten ikasleak.
Plataformaren ustez, presioaren ondorioa
Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Birizik! plataformaren iritziz, presioaren ondorioa izan da aldaketa, familien kexekin eta Zaraobe Institutuko zuzendaritzaren mugimenduekin batera, hedabideetan agertu baita albistea.
Bide batez, plataformako ordezkari batek adierazi du oraindik ere Hezkuntza Sailak ez diela azaldu zeintzuk diren irizpideak horrelako erabakiak hartzeko.
Halaber, azpimarratu dute Administrazioak akats larriak egin dituela. Esaterako, bi anai-arreba banatu behar zituzten (batak jadanik institutuan ikasten du) eta D ereduan matrikulatu zen gazte bat B eredura bidali behar zuten.