HEZKUNTZA LEGEA

18 familiari Zaraobe Institutuan matrikulatzea ukatu diete eta itunpeko ikastetxe batera bideratu dituzte, salatu dutenez

Aitor Aspuru Saez 2024ko api. 8a, 21:17

Hezkuntza publikoaren aldeko mobilizazio baten irudia. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik! plataformak egin du salaketa eta Hezkuntza Lege berriari leporatu dio horren ardura.

Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik! plataformak oharra plazaratu du salatzeko Amurrio, Urduña, Aiara eta Artziniegako 18 familiek Zaraobe Institutua hautatu zutela Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza egiteko 2024/2025 ikasturtean eta plaza ukatu zaiela, itunpeko ikastetxe batera bidaltzeko.

Plataformak gogoratu du institutu hori dela udalerri horien erreferentziazko zentroa zonifikazioaren arabera, eta gurasoen hautaketa izan dela, gainera.

Euren aldetik, seme-alabak Lehen Hezkuntzako 6. mailan dituzten familiek kritikatu dute zenbait lagun talde eta anai-arreba banatzea ekarriko duela erabakiak eta, horrek, aldi berean, eragin emozionala sortuko duela.

Plataformak, aldiz, azpimarratu du inork ez diela azaldu zein irizpide jarraitu den. "Hezkuntza lege berriaren ondorioak matrikulazioetan azken urteotan pairatu ditugu, baina hau lehen aldia izan da Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan gertatzen dela", nabarmendu dute.

Azkenik, Aiaraldeko Hezkuntza Publikoa Bizirik!-ek babesa adierazi die kaltetutako 18 familiei.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide