Soxoko legez kanpoko hiltegiari buruzko epaiketa gaur hasi da eta, hedabideek jaso dutenez, hamahiru akusatuetatik, zazpi libre geratu dira jadanik. Izan ere, euren abokatuek argudiatu dute operazioa eta ekinbideak hasi zirenetik sei hilabete baino gehiago behar izan zituela Amurrioko Epaitegiak deklaratzera deitzeko.
Epaileak ontzat jo du defentsen estrategia, sei hilabetekoa baita epea deklarazioak exijitzeko eta Amurrioko Justizia egoitzak denbora gehiago baliatu zuen horretarako. Absolbitutako zazpi herritar horietatik sei agertu dira epaitegian.
Hori bai, beste sei lagunen kontrako eskaerak ez dira bertan behera geratu. Gogoratu beharra dago 2018ko maiatzean zazpi lagun atxilotu zituela Ertzaintzak eta “talde kriminala” eratzea leporatu ziela, hainbat delitu egotzita: animalien aurkako tratu txarrak gauzatzea eta osasun publikoaren zein ingurunearen aurka aritzea.
Funtsean, poliziaren aburuz, legez kanpoko hiltegi baten arduradunak ziren: segurtasun eta osasun neurririk gabe hiltzen omen zituzten ardiak eta behiak eta ofizialak ez ziren bideetatik banatzen zuten haragia.
Gaur hasi da epaiketa eta ostegunean amaitzea aurreikusi dute.