Osakidetzako azpizuzendaritzak jakinarazi du ordutegi eta zerbitzu murrizketak egongo direla udan hainbat osasun zentrotan, langileen oporrak direla medio. Egoera ez da guztiz berria, iaz gauza bera gertatu baitzen.
Eragin hori nabarituko duten EAEko herrien artean daude Laudio, Okondo, Artziniega eta Luiaondo. Halaber, ez dituzte zehaztu Etengabeko Arreta Guneek izango dituzten egutegi eta ordutegiak.
Momentuz, honako hau da Osakidetzak zehaztu duena:
- Artziniegak ez du jarduerarik izango uztailaren 29an eta 31n. Gainera, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan ere ez du zerbitzurik eskainiko abuztuaren 1etik 16ra bitartean eta irailaren 9tik 13ra bitartean. Tarte horretan, 8:00etan ireki eta 11:00etan itxiko dute astearte eta ostegunetan.
- Luiaondon ez dute inor artatuko ekainaren 28an eta astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan uztailaren 1etik 12ra bitartean eta abuztuaren 16tik 30era bitartean. Denbora tarte horretan 8:00etatik 11:00ak arte izango da irekiera ordutegia astearte eta ostegunetan.
- Laudion ordutegia 8:00etatik 17:00ak arte izango da ekainaren 17tik irailaren 14ra bitartean.
- Okondon ohiko ordutegia izango dute, abuztuaren 16an salbu.