Futbol zaleek asteburu bizia izango dute eskura ohiko lehiaketetatik at. Izan ere, larunbatean CD Orduña Egunaren ospakizunak izango dituzte eta igandean Etorkizunak lagunarteko txapelketa antolatuko du.
Urduñarrek 10:30ean hasiko dute jarduera, ikurra altxatuta. Ordu laurden beranduago 3x3 futbol torneoari ekingo diote. Maiatzaren 31n agortu zen izena emateko epea, baina ikusle moduan parte hartzeko aukera egongo da.
14:00etan eta 15:00etan herri bazkarien txandak helduko dira; lehenengoa umeentzat eta helduentzat bigarrena, hain zuzen. 16:00etan jokoak prestatuko dituzte eta 17:30ean karaokea. Amaitzeko, DJ Varrok musika emanaldia eskainiko du 18:30ean.
Egitasmoaren ideia sortu zen duela 25 urte talde seniorrak eta gazteenak bazkaria egiten zutelako denboraldi amaieran. Ideia hori berreskuratu eta eraldatu dute, talde eta kirol komunitate osora zabalduta.
Etorkizunaren torneoa
Bestalde, igandean Etorkizuna klubak ekaineko bigarren lagunarteko txapelketa egingo du. Aurreko asteburuan 2014ko benjaminen txanda izan zen eta honetan, aldiz, 2012an jaiotakoena izango da.
Partidak 10:00etan abiatuko dituzte eta herriko taldea ez ezik, beste sei gehiago ere arituko dira Reforreko futbol zelaietan.