12 ekintza antolatuko dituzte Faktorian, "uztaileko iluntzeetan elkarrekin euskaraz gozatzeko"

Erredakzioa 2024ko eka. 25a, 09:04

Bakarrizketa saioak egongo dira, besteak beste. / Aiaraldea.eus

Uztaileko programazioa aurkeztu du Aiaraldea Ekintzen Faktoriak. Asteartetik ostegunera, iluntzetan egingo dituzte jarduerak.

Urtaro aldaketarekin funtzionamendu eta ordutegi berria abiatu du Faktoriak. Ekaina bitarte egongo da arratsaldez irekita, baina uztailaren 1etik aurrera jarduerak daudenean soilik irekiko dituzte ateak. Hots, astearte, asteazken eta ostegunetan egongo da espazioa zabalik, "jardueren ordutegietan". Saio guztiak irekiak eta doakoak izango dira.

Hain zuzen, astearteetan haur eta nerabeentzako ekintzak prestatu dituzte, goizez udalekuak martxan baitaude hainbat herritan. Gainera, Gorobel kirolgunearekin elkarlanean egingo dituzte saioak: uztailaren 9an eta 16an -asteartez- 18:30ean haur eta nerabeentzat kirol saioak eskainiko dira. 

Dantza iluntzeak

Ikasturte amaierarekin dantza talde edo zaleak horretarako areto gabe geratu ohi dira. Hutsune horri erantzuteari begira, "Dantza iluntzeak" egingo dira hilaren 2an eta 23an. Lehen ostegunean Gabriel Gonzalezek swing soziala erakutsiko du (20:00etan), eta 23an Aitor Aizpuruak saltsa eta batxata. 

Baka(i)rrizketak zikloa

Bestalde, Laudioko Udalari esker, "Baka(I)RRIzketak" saioak egongo dira ostegun iluntzeetan. Hain zuzen, uztailaren 4an Ander Malbadi, Asier Galartza, Maria Blanco, Aitziber Grados eta Erik Urbieta oholtzaratuko dira; eta 11n Julen Pagazaurtundua, Jokin Antsotegi eta Unai Apraiz. Gainera, afari eskaintza ere egongo da nahi duen ororentzat. 

Sormen Faktoriako saio irekiak

Azkenik, Sormen Faktoriaren dinamika medio, entsegu eta saio irekiak egingo dituzte "sormen egonaldietan" Faktorian egongo diren artistek. Izan ere, euren obrak garatzeko astebeteko egonaldiak eskaintzen dizkie Kultura Faktoriak; espazioko baliabideak euren eskura jarrita. Hala, lehen asteazkenean Maria Iturbe eta Maialen Ramirez arituko dira euren lana aurkezten, 10ean Peru Galbete, 17an Amaia Molinte eta 24an Jare Prieto eta Eva Perez-Pons. 

Bestalde, Urtzi Odriozola laudioarraren gidaritzapean, "Astronomia gaua"· egongo da uztailaren 11n, 22:00etatik aurrera. Faktoriako kideek azpimarratu dutenez, "uztaileko iluntzeetan elkarrekin euskaraz gozatzeko helburuarekin" osatu dute programazioa, Faktoriako Ideien Asanbladan ateratako proposamenak ardatz. 

Egitarau eta informazio osoa hemen ikusi daiteke:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide