EGUNERAKETA

Udaren heren bat medikurik gabe igaroko dute Laudioko eta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneek, ordezkorik topatu ezean

Txabi Alvarado Bañares 2024ko uzt. 5a, 20:34

Amurrion osasun publikoaren alde eginiko agerralditako baten irudia. / Aiaraldea.eus

Amurrion 35 egun daude kubritzeke uztaila, abuztua eta irailean, eta Laudion 32, osasun zentroetako zenbait langilek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez.

Mediku faltak eragin nabarmena izango du udan Aiaraldean. Ekainaren hasieran jakinarazi zuen Osakidetzak ordutegi eta zerbitzu murrizketak egongo zirela hainbat osasun zentrotan, baina harago doa eragina. Izan ere, Amurrio eta Laudioko Etengabeko Arreta Guneetan ez da medikurik egongo udaren heren batean.

Hala jakinarazi diote hainbat osasun langilek Aiaraldea Komunikabideari. Zehaztu dutenez, uztailetik irailera bitartean Amurrion 35 egunetan faltako dira medikuak, eta Laudion 32 egunetan.

Honako hauek dira egunak:

Uztaila

  • Amurrion: 2, 6, 10, 11, 12, 15, 16, 21, 25, 29 eta 30
  • Laudion: 2, 3, 10, 14, 15, 20 eta 31

Abuztua

  • Amurrion: 3, 6, 9, 10, 11, 13, 16, 18, 19, 22, 26 eta 27
  • Laudion: 5, 7, 9, 10, 11, 12, 13, 15, 16, 17, 18, 20, 21, 26, 28 eta 30

Iraila

  • Amurrion: 3, 4, 6, 7, 9, 12, 15, 16, 17, 23, 27 eta 28
  • Laudion: 1, 2, 5, 6, 7, 8, 10, 14 eta 26

Hala ere, hori aurreikuspena baino ez da, beharginek nabarmendu dutenez. Bajak eta oporrak direla eta geratu dira egun horiek medikurik gabe, eta balizko ordezkoak bilatzen ari dira Osakidetzako arduradunak.

Dena den, langileek zail ikusten dute egoera bideratu ahal izatea, osasun sistema publikoaren estrategia izan ohi delako jada lanean dauden medikuei aparteko orduak egitea eskatzea.

Bajak eta oporrak direla eta geratu dira egun horiek medikurik gabe, eta balizko ordezkoak bilatzen ari dira Osakidetzako arduradunak.

Hori nahiko modu argian azaldu zuen Roberto Gonzalezek Aiaraldea Komunikabideari urte hasieran eskainitako elkarrizketan. Hala azaldu zuen Aiarako medikuak: “hain da larria arazoa, ezen hilabetez hilabete bakante geratzen diren postuen informazioa bidaltzen digutela lanean gauden profesionaloi, postu horiek bete ditzagun. Ni neu larunbat askotan laguntzera joaten naiz Laudioko edota Basauriko Etengabeko Arreta Guneetara. Hori ez da nire lana, baina medikuon onkeria eta boluntariotzagatik aurrera ateratzen da”.

Momentuz behintzat, ez dirudi ordezkoen bilaketak horrek fruiturik eman duenik. Asteartean ez zen medikurik egon ez Laudio ezta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan. Asteazkenean, aldiz, egoera errepikatu zen Laudion, eta berdina gertatuko da bihar (larunbata) Amurrion, langileek aurreratu dutenaren arabera.

Asteartean ez zen medikurik egon Laudio eta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan. Egoera errepikatu egin zen hurrengo egunean Laudion, eta Amurrion berriz gertatuko da bihar.

Arazo orokortua

Dena den, arazoa ez dago soilik eskualdean. Euskal Autonomi Erkidego osoan egongo da mediku gabezia datozen hilabeteetan. Hala azaldu dio ESK-k Aiaraldea Komunikabideari. Sindikatu horren aburuz, “planifikazio txarra” dago arazoaren atzean. “30 urte daramatzagu esaten aldaketak egin ezean belaunaldi aldaketa arazo batekin topatuko ginela, eta hala gertatu da”, nabarmendu dute.

Gainera, euren hitzetan, aurten faktore bat gehiago batu da arazo estrukturalera: Mediku eta Barne Mediku Egoiliarren promozioa irailera atzeratu dela. “Normalean ekainean ateratzen da eta langile berri horiek dira udako baja eta hutsuneak betetzeaz arduratzen direnak, baina aurtengo promozioaren ikasketa prozesuak COVID-19aren pandemiarekin kointziditu zuen bere garaian, eta horregatik atzeratu da”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide