Ezohiko ordezkari multzoa bildu zen atzo Arabako Batzar Nagusietako prentsa-aretoan, Arrastaria eskualdeko adinekoek Urduñako egoitzan plaza eskuratu dezaten eskatzeko. Agerraldian Nerea Martinez EH Bildu Arabako batzarkideak eta Izaskun Duque Bizkaiko batzarkideak, Jon Berganza eta Nekane Martinez Amurrioko zinegotziek eta Iratxe Ibañez eta Juanjo Sanz Urduñako zinegotziek parte hartu zuten.
Asteazkenean eztabaidatuko den mozioan EH Bilduk eskatuko du Arrastaria eta inguruko adinekoei zerbitzu hori beren bizitokietatik ahalik eta hurbilen jasotzeko eskubidea aitortzea eta, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek hitzarmena landu eta adostea Arrastariako adinekoek Urduñako egoitza publikoan plaza eskuratzeko aukera izan dezaten.
Izan ere, Arrastariako herrien kokapenagatik egoitza horida euren inguruneetatik hurbilen dagoena.
Nerea Martinez EH Bildu Arabako batzarkideak azaldu duenez, Urduñan kokatuta dagoen egoitza publikoak 55 plaza ditu. Horietatik, 45 Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartuta daude, eta gainontzekoak pribatuak dira.
Urduña Bizkaia izanda, bertan dagoen egoitza publikoko plazak eskuratzeko Bizkaian erroldatuta egon behar dira erabiltzaileak. Urduñaren kokapena eta tamainagatik, Arabako herriz inguratuta, egoitzak dituen plaza publiko guztiak betetzea ezinezkoa da. Hala ere, Arrastariako -Delika, Tertanga, Aloria, Artomaña eta Lekamaña- adinekoek, Urduñatik oso gertu bizi arren, ezin dute bertan plazarik lortu, eta haien etxeetatik oso urrun dauden Amurrio, Laudio edota Gasteizko egoitzetara joan behar dira.
Iratxe Ibañez Urduñako zinegotziak adierazi du mozioa aurrera ateratzea espero dutela: "EH Bildun, kalitatezko zerbitzu publikoen alde egiten dugun heinean, lehenesten dugu arreta hori gertu ematea eta zerbitzu publikoa izatea: pertsona guztiek eskubide berak dituzte, non bizi diren kontuan izan gabe".
Ibañezek gogora ekarri du aldundien arteko lankidetza-hitzarmenak ohikoak direla udalerri mugakideak dauden kasuetan, eta EAJren jarrerari egin dio erreferentzia, Urduñan eta Amurrion aldeko botoa eman baitzuen, baina Bizkaiko Batzar Nagusietan, aldiz, aurkakoa. "Ulertezina da jarrera kontraesankor hori, eta EAJ eta PSErengandik espero dugu arduraz jokatzea Arrastariako adinekoekiko, euren inguru hurbilarekiko haustura saihesteko", amaitu du Ibañezek.
Amurrion eta Urduñan bai, Bizkaiko Batzar Nagusietan ez
Arabako Batzar Nagusien Osoko Bilkuran eztabaidatuko da mozioa datorren asteazkenean, aurretik Amurrio eta Urduñako udalbatzetan eta Bizkaiko Batzar Nagusietan eztabaidatu ondoren.
Amurrioko eta Urduñako udalbatzen mozioa onartu zuten, baina Bizkaiko Batzar Nagusietan ez zuen aurrera egin. Bea Ilardia EH Bildu Bizkaiko batzarkideak zabaldu duenez, EAJ eta PSOEk ezezko bozka eman zuten, PP abstenitu egin zen, eta Elkarrekin Podemosek, berriz, baiezko bozka eman zuen.