Arabako Foru Aldundiaren zordun nagusien zerrendan sartu da Autoglas. Lantegi hori itxiera prozesuan murgilduta dago iaztik, eta 250 langile daude kalean geratzeko zorian. Autoglas Opco BM S.L. da enpresaren izen ofiziala, eta 1.636.208,78 euroko zorra du pilatuta ogasunarekin.
Ekainaren amaieran argitaratu zituzten Foru Aldundiek ogasunari diru gehien zor dieten enpresa eta norbanakoen zerrendak, urtero bezala, baina aldaketa esanguratsu batekin. Izan ere, orain arte milioi bat euroko zorra baino gehiago zuten entitateak aipatzen ziren. Aurten, aldiz, 600.000 eurotara jaitsi da zerrendan agertzeko gutxieneko langa.
Horren ondorioz, Aiaraldeko hiru enpresa berri sartu dira zerrendan. Laudioko Ramon de Urquijo S.A. da horietako bat. Instalazio elektrikoak egiteaz arduratzen zen enpresa hori, 2014an disolbatu zen arte. Gaur egun 787.696,76 euroko zorra du pilatuta ogasunarekin.
Likidazio fasean dago baita Nuevo Diseño LAO S.A.. Higiezinen salerosketan jarduten zuen Urduñako enpresa horrek, eta 740.684,66 euroko zorra du Bizkaiko Foru Aldundiarekin.
Aiaraldeko hiru enpresa berri sartu dira zordun handien zerrendetan, bertan agertzeko gutxieneko kopurua 600.000 eurora jaitsi delako
Bukatzeko, Tratamientos y Transf Materiales Metalurgicos S.A. enpresa ere sartu da zerrendan, 723.302,46 euroko zorrarekin. Enpresa horrek harreman zuzena du zordunen zerrendan agertzen lau urte daramatzan Recuperación de Materiales Industriales enpresarekin, jabeak berdinak zirelako. Remai laburdurarekin da ezagunagoa lantegi hori eta Murgan kokatuta dago. 36 behargin zituen, baina itxita dago aspaldi, hartzekodunen lehiaketan.
Gainontzeko izenak
Bizkaiko zein Arabako zordunen zerrendetan agertzen diren Aiaraldeko gainontzeko izenak, aldiz, ez dira berriak. Somolsa Sociedad de Materiales Orduña Laboral S.A.L. enpresak 2.511.057,86 euroko zorra du pilatuta, eta ez du inoiz itzuliko: 2004. urtean itxi zituen ateak, eta ordainketak etenda diru orduz geroztik. Gaur egun, Sabadell bankua eta Elkargi finantza-entitatea dira fabrikaren lursailaren jabeak. Gainera, eraikinaren zati handi bat behera erori zen 2022an, lapurrek metalezko estrukturaren hainbat zati eraman dituztelako.
BM & Alessio Investments S.L. enpresa unipertsonala 2021ean batu zen zerrendara, eta 1.086.526,68 euroko zorra du pilatuta. Duela 12 urte sortu zen enpresa, 3.016 euroko kapital sozialarekin, eta Saratxoko poligonoan du egoitza soziala. Akzioen salerosketara dedikatzen da eta Eduardo Alessio Alves da administratzaile bakarra.
Bukatzeko, Ruben Bravo Gonzalezen kasua dago. Enpresari horrek 1.930.526,39 euro zor dizkio Arabako Foru Aldundiari. Lau enpresa ditu Bravok bere izenean: Iridytrio S.L, Platinorumba S.L, Activos por impuestos diferidos S.L eta Agricola Nini S.L. Lehen hirurek Laudioko Jose Mardones kaleko etxebizitza batean dute egoitza fiskala. Laugarrena, aldiz, Kantabriako Valdeolea herrian dago. Dena dela, guztiek dute antzeko ekonomia-jarduna: higiezinen eta aktiboen salerosketa.
Aipatutako zortzi entitateen kopuruak batuta, 10.645.121,47 euroko zorra ateratzen da orotara:
Gainera, litekeena da kopuru hori handitzen joatea. Izan ere, zorra kitatzeko mugimendurik egin ezean, automatikoki handitzen da kopurua, interesak eta berandutzeak gehitzen direlako.
SPM del monte S.A-k, 8 milioi euroko zorra
Bukatzeko, ezin da aipatu gabe utzi SPM del monte S.A-ren kasua. Enpresa hori ez da Aiaraldekoa berez, baina 1.411 metro karratuko pabilioi industriala zuen Urduñan. Espazio hori enkantean atera zuten 2003. urtean, konpainia likidatu zenean. Ordutik hona, beti agertu da sozietatea ogasunaren zerrendan, eta bere zorra handituz joan da urtez urte, 8 milioi euroen langa gainditzeraino.