Bidaiatu dezagun aro urrun batera, zeinean sakelako telefonoak ez ziren existitzen, ikus-entzunezko ekoizpenak oso arraroak ziren eta bizitza ez zen horren globala eta, ondorioz, herrian gertatzen zena garrantzitsuagoa zen. Urte horiek (1990ko hamarkada, demagun) protagonista bat izan zuten San Roke jaietan: Pirulo Txou.
Taldearen sekretua erraza zen. Abesti famatuak hartu eta letrak aldatzen zizkieten Laudioko gaiak modu umoretsuan lantzeko. Kostunbrismo modernoa umorez. Horrez gain, koreografiak, mozorroak, txantxak eta noizean behin bideoak ere uztartzen zituzten. Ez da harritzekoa, hortaz, jaietan hitzordu finkoa bilakatu izana eta arrakastatsua, gainera, Herriko plaza beteta. Proiektuan dozenaka kide aritu dira, soziologia oso anitzekoak; heavyak, musika tradizionaleko zaleak…
Edonola ere, denak dauka amaiera eta Pirulo Txou, 2024an, Pirulo Txau bilakatuko da, hau da, azken kontzertua. Horrela erabaki dute partaideek. Euren azken emanaldi “ofiziala” duela hamaika urte izan zen eta elkartzeko dituzten zailtasunak ikusita ("Hiru urte behar izan ditugu afaria egiteko”, argitu du Iñaki Moscoso abeslariak), erabaki dute modu duinean agurtzea jarraitzaileak eta herria, oro har.
Berakatz Eguna hautatu dute horretarako: abuztuak 21. 22:00etan oholtzara igoko dira azkenengo aldiz eta horrela itxiera helduko da duela 35 urte baino gehiago sortutako abenturarentzat. Izan ere, Pirulo Txou agertu zen Pirula Irrati libreko saio batean: Sobremesa, sobrepesa, sobrepasa. Ideia izan zen emankizun horretan egiten zutena kalera ateratzea, musika taldea sortuta.
Geroztik, kontzertu andana eman dituzte. Gehienak Laudion, nola ez, baina Lemoan edota Madrilen ere jo dute eta eredu anitzak baliatu dituzte, tabernetan edota Uhinak Irratiko Ojodagila irratsaioan. Batzuetan oholtza jendez gainezka zegoen, beste batzuetan kontzertu akustikoa egin dute.
Azken hitzordurako prestaketak jadanik abiatu dituzte. Denbora luzez elkar ikusi gabe, taldeak ekin dio maiztasunez entseguak egiteari eta azkenaldian astero batu dira horretarako. Musikaren esparruan ez dute ezer berririk eskainiko. Azken hamarkada hauetan sortutako abestien bilduma hautatu dute eta revival hutsa egingo dute.
Hori bai, kanta berririk ez egoteak ez du esan nahi ezusterik ez denik egongo. Berez, bi mikroantzerki egingo dituzte eta go-go taldea arituko da eurekin, Rosalia edota Nacho Cano bezala, baina laudioarrekin. Horrez gain, ohiko azalpen umoretsuak iragarri dituzte bakarrizketa gisa. Izan ere, ez da ahaztu behar abesti asko zaharrak direla jadanik eta gazteenek agian beharko dituztela zenbait azalpen txantxa ulertzeko.
Hortaz, Laudioko jaietan publiko orok izango du tartea Pirulo Txouri agur esateko. Beteranoen aitzakia izango da aspaldi bizi izandakoa berpiztea eta barre egitea. Gazteentzat, ordea, denbora makinarekin bidaiatzeako parada egongo da, modu dibertigarrian, hori bai.