Aiaraldeko Kultur Faktoriak eskualdeko zein Euskal Herri osoko kultura eta sormena garatzeko ekimen berri bi aurkeztu ditu. “Murgildu sormenean” bekak sortzaileentzako egonaldiak eskaintzen ditu, eta “Arte Arnasa” bekak, berriz, dirulaguntzak.
Bakarka edo taldeka aurkeztu daitezke proposamenak. Hori bai, bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du. Aiaraldeko Kultura Lantaldeak osatuko du epaimahaia: Faktoriako kultur arduradunak, sortzaile profesional batek eta kulturzale batek.
Kontuan hartuko dute Aiaraldearekin loturaren bat izatea, arte diziplinen arteko hibridazioa lantzea, proiektuen esperimentazio izaera edota balio eraldatzaileak lantzea, hala nola, feminismoa, kultur artekotasuna edota ingurumena, besteak beste.
Zalantzak argitzeko kultura@aiaraldea. eus helbidera idatzi daiteke edo 633 51 73 83 telefonora deitu. Bi deialdiak iraileko lehen asteetan itxiko dira.
“Murgildu Sormenean” egonaldiak
Lau irabazleek aukera izango dute aste oso batez Kultur Faktoriaren espazioak eta azpiegiturak erabiltzeko. Hau da, astebeteko esperientzia bat eskaintzen da, sortzeko, eta bertako baliabideak erabili ahalko dira (teknikoak eta bestelakoak). Lo egiteko tokia eta janaria ere egonaldiaren barruan daude. Gainera, komunikazio baliabideak eskainiko dira etorkizunera begira tresnak edukitzeko. Irailaren 12a baino lehen aurkeztu behar dira proiektuak, eta espazioa erabiltzeko aukeraz gain, 500 euroko laguntza ekonomikoa ere jasoko dute sortzaileek, faktura bidez.
Aurkezteko bete beharreko baldintzak eta egonaldiak eskaintzen duen guztia hemen ikusi daiteke, eta hemen izena emateko galdetegia.
“Arte Arnasa” bekak
Sormen lan berri eta berritzaileak garatzeko lau beka eskainiko ditu Aiaraldeko Kultur Faktoriak. 1.000 euroko lau sari banatuko dituzte, hautatutako irabazleen artean, norbanako zein taldeak izan. Dirulaguntza hori sormen prozesurako izango da, ez ekoizpenerako.
15 eta 99 urte arteko edozein sortzaile euskalduni zuzendua dago deialdia, eta irailaren 17a baino lehen aurkeztu beharko dira proiektuak.
Deialdiaren oinarriak eta izena emateko informazioa hemen ikusi daitezke, eta hemen izena emateko galdetegia.