Irailean ere ez da bermatuta egongo mediku baten presentzia egunero Laudio eta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan, gabezia aurreko hilabeteetan bezain nabarmena izango ez den arren. Guztira, sei mediku txanda daude betetzeke bi herrietako guneetan, zenbait osasun langilek Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi diotenez.
Hauek dira txanda horiek:
Amurrio:
- Irailak 6: 17:00-09:00
Laudio:
- Irailak 7: 09:00-09:00
- Irailak 10: 17:00-08:00
- Irailak 26: 17:00-22:00
- Irailak 26: 22:00-08:00
- Irailak 27: 17:00-08:00
Horrez gain, osasun langileek gaineratu dute astelehenen honetan bertan ez zela medikurik egon Laudioko Etengabeko Arreta gunean 17:00etatik 08:00etara bitartean.
Medikuen gabeziaren arazoa nabarmen areagotu da udan zehar Aiaraldean. Hala ere, egoerarik larrienak ez dira Etengabeko Arreta Guneetan eman, Zainketa Intentsiboetarako Unitate mugikorretan baizik. Izan ere, duela bi aste laudioar bat zendu zen bihotzekoak jota, unitate horretan medikurik ez zegoenean. Gertaera horrek mobilizazio jendetsuak eragin ditu berriz ere, "osasun sistema publiko eta duinaren defentsan".