Hil egin da Laudioko ZIU mugikorreko mediku falta pairatu zuen herritarretako bat

Txabi Alvarado BaΓ±ares 2024ko abu. 24a, 13:39

Urtarrilean 42 urteko laudioar bat zendu zen medikuaren arreta jaso gabe. Argazkian, hori salatzeko eginiko mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

Bihotz-gelditzea pairatu zuen eta Bilboko Zainketa Intentsiboetarako Unitate mugikorra bertaratu behar izan zen bera artatzera, Laudiokoan ez zegoelako medikurik. Horrek nabarmen atzeratu zuen ospitaleratze prozesua.

Hil egin da ostegunetik ostiralera bitarteko gauean Laudioko ZIU mugikorreko mediku falta pairatu zuen herritarretako bat, zenbait osasun langilek baieztatu dutenez.

Herritarrak bihotz-gelditzea pairatu zuen bere etxean, baina Laudioko Zainketa Intentsiboetarako Unitate mugikorrak ezin izan zuen artatu, ez zuelako medikurik. Osasun langileek azaldu dutenez, horrelako kasuetan beharrezkoa da anbulantzia medikalizatua izatea, pazienteari zenbait botika indartsu administratu egin behar  zaizkiolako egoera bideratzeko, beste hainbat parametro mediku kontrolatzearekin batera (arritmiak, bestelako gorabeherak...).

Gauzak hala, Bilboko ZIU mugikorra bertaratu behar izan zen herrira, eta horrek 40-50 minutu inguru atzeratu zuen ospitaleratze prozesua, osasun langileek salatu dutenez. 

Gau berean, gainera, beste herritar batek bihotzekoa izan zuen. Kasu horretan, herritarra bere kabuz bertaratu zen Laudioko Etengabeko Arreta Gunera. Bertan ikusi zuten bihotzekoa izan zuela, eta kasu horretan ere Bilboko ZIUa bertaratu behar izan zen ospiralera eramateko. 

Osakidetzako Langileen Batzordeak salatu duenez, ekainetik hona ZIU Mugikorretako 100 txanda baino gehiagotan ez da medikurik egon.

Bigarren heriotza aurten

Gertakari honek gogora ekartzen du urtarrilean Laudioko Etengabeko Arreta Gunean gertatutakoa, 42 urteko laudioar bat (David Hernandez "Fabi") bihotzekoak jota hil zenean mediku baten arreta jaso gabe.

Ordutik hona hainbat salaketa ekimen abiatu dira eskualdean osasun sistema publiko eta duina aldarrikatzeko. Protesta horiek mediku faltan jarri dute batez ere begirada.

Izan ere, hilabete ugari igaro diren arren, arazoa ez da bideratu. Iragan astean 24 mediku txanda zeuden betetzeke Laudio eta Amurrioko Etengabeko Arreta Guneetan abuztu eta irailerako.

Osasun langileek azaldu dutenez, ZIU mugikorren funtzionamendua ez dago Etengabeko Arreta Guneetara lotuta, baina antzeko arazoak pairatzen dituzte bertan ere.Uda honetan hainbat aldiz egon da unitate hori medikurik gabe, eta eskualde honetakoa ez da kasu isolatu bat. Osakidetzako Langileen Batzordeak salatu duenez, ekainetik hona ZIU Mugikorretako 100 txanda baino gehiagotan ez da medikurik egon.

Elkarretaratzea gaur arratsaldean

Gertatutakoa salatzeko, elkarretaratze herritarra deitu dute gaur arratsalderako. 20:00etan izango da zita Alberto Acero plazan:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide