Laia Aiaraldearen 2024/2025 jarduera programa aurkeztu dute gaur Laudioko Lezeaga Aretoan. Bertan izan dira Laudioko, Amurrioko, Okondoko, Aiarako, Orozkoko eta Urduñako udal ordezkariak, berdintasun teknikariak eta Aiarako Kuadrillako lehendakaria. Joana del Hoyok ere parte hartu du aurkezpen ekitaldian, Arabako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendariak.
Del Hoyok balioan jarri du Laia Jabekuntza Eskolak Arabako emakumeen ahalduntzerako azken urteetan egindako ibilbidea oparoa eta "sortutako sare sendoa". Bide horretan, udalen, eragile sozialen eta mugimendu feministaren inplikazioa eskertu du Foru Aldundiko ordezkariak. Aurrerantzean ere helburu berdinei helduko die Laiak: ehundutako sarea indartzea eta herritar guztiak berdintasunaren alde eta indarkeria matxistaren kontrako eragile aktibo bilakatzea.
Dozenaka ekintza prestatu dituzte: tailerrak, zineforumak, hitzaldiak, topaketak, irakurle klubak, erakusketak, brikolaje eta mekanika ikastaroak...
Jarduera maratoia
Aiaraldeko emakumeen berdintasunerako eta jabekuntzarako eskolaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa. Dozenaka ekintza prestatu dituzte: tailerrak, zineforumak, hitzaldiak, topaketak, irakurle klubak, erakusketak, brikolaje eta mekanika ikastaroak... Sareetako indarkeria matxistari eta honen aurka borrokatzeko tresnei ere eskainiko diote tartea egitarau zabalean.
Datozen asteetan jasoko dute Aiaraldeko herritarrek programazioa aletzen duen liburuxka, etxeko postontzian. Bien bitartean, Laia Arabaren webgunean ere kontsultatu daitezke jarduera guztiak.