EAJk Iñigo Pinedo proposatu du Aiarako Kuadrillako presidentegai izateko

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko ira. 25a, 12:55

Iñigo Pinedo, Aiarako Kuadrillako presidentegaia. / EAJ

EAJren eta PSE-EEren botoekin, gaur egingo den osoko bilkuran eskualdeko erakundearen presidente berria izatea espero dute.

EAJk Iñigo Pinedo Vadillo proposatu du Aiarako Kuadrillako presidente izateko eta Encina Castresana Astarloa ordezkatzeko. EAJ-PNVko batzarkideen 13 botoek eta PSE-EEren 2 botoek osatzen duten gehiengoari esker, Pinedo presidente izendatuko dute gaur egingo den osoko bilkuran.

"Ilusio eta gogo handiz hartzen dut ardura hau, eta Aiarako eskualdeko bizilagun guztien onerako nire onena emateko konpromiso sendoarekin. Ohore bat da gure lurraldeko bizi-kalitatea hobetzeko lan egiteko aukera izatea", adierazi du Pinedok.

EAJk azaldu duenaren arabera, sistema informatikoetako teknikari gisa duen esperientzia profesionalaz gain, Iñigo Pinedok 25 urtez "erantzukizuneko hainbat kargu bete ditu Aiarako Udalean". Bertan, gobernu-taldeko kide izan da azken legegintzaldietan, eta, gaur egun, zinegotzia da EAJ-PNVko udal-taldean.

Aiarako Kuadrillako batzarkide ere bada duela 15 urtetik, eta hainbat batzordetan parte hartzen du, hala nola ogasunekoan, non agintaldi honetan lehendakari lanak egin dituen.

Duela egun batzuk EAJk adierazi zuen Encina Castresanak Aiarako Kuadrillaren presidentetzari uko egin ziola bost urte eta gero, "arrazoi pertsonal eta politikoengatik".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide