Laster hasiko dute Sacamantecas pelikularen grabaketa eta azken prestaketa lanetan ari dira. Goitizen bereko XIX. mendeko hiltzailearen (antza, sei emakume erail zituen) bizitza kontatuko du filmak eta grabaketa egunak izango ditu Aiaraldean; Tertangan eta Delikan, hain zuzen. Azaroaren 6an eta 7an arituko dira bi toki horietan.
Kevin Iglesias ekoizle amurrioarra da proiektuaren atzean dagoen sustatzaileetako bat eta une hauetan figuranteen bila dabil. Gaur Gasteizen egun osoan arituko dira horretan, baina interesdunek Internet bidez ere parte har dezakete hautaketa prozesuan. Hautatuek lan hitzarmenaren araberako ordainsaria jasoko dute.
Produkzio handi horren zuzendaria David P. Sañudo da (Azken erromantikoak filmaren arduradun bera) eta, besteak beste, Karlistaldietako batailak agertuko dira ikus-entzunezkoan. Horregatik, hain zuzen, beharko dute figurante mordoa.