Atzoko haizeteak sortutako arazoak ez dira eten. Izan ere, atzo hainbat atzerapen gertatu eta gero, gaur C-3 linean Abandotik abiatzen diren eta Laudion ibilbidea bukatzen duten trenak eten dituzte. Renfeko beharginek azaldu dutenez, gauean zuhaitz batek kalteak eragin ditu azpiegituretan eta, zerbitzua guztiz eten ez duten arren, moldaketak egin dituzte.
Horrek esan nahi du Abando eta Urduña lotzen dituzten zerbitzuak baino ez daudela erabilgarri. Renfeko langileek adierazi dute ez dakitela noiz arte egongo den indarrean neurria.
Gertakari gehiago gaur
Hori ez da garraio zerbitzuan egondako ezbehar bakarra. Izan ere, 07:45ean Bilbora zihoan trena Aretan gelditu dute, merkantziak mugitzen duen unitate bat Ugaon utzi baitute. Bidaiariak jaitsi behar izan dira eta hurrengo trena hartu behar izan dute.
Berez, Kirk urakanaren azken kalteak direla dirudi, atzo hainbat ezbehar jazo baitziren, bai tren azpiegituran zein errepideetan (Amurrio eta Aiara artean, Laudioko Gardea auzunean...).