Kalean dago Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 205. zenbakia. Mikel Jimenezi eginiko elkarrizketa eraman dugu azalera. Gazte amurrioarra izan da El Conquistador telebista saioaren datorren edizioan parte hartzeko bozka bidez hautatu duten lehen pertsona, eta horri buruz mintzatu gara berarekin.
Baina gai mardulago bat izan dugu hizpide hamabostekariaren barruan. Izan ere, suizidioari buruzko 10 orriko erreportaje berezia atondu du Aitor Aspuru kazetariak, Jesus Garcia Ferreiroren kasutik tiraka. Aurten 25 urte bete dira 18 urteko gazte laudioar horrek bere buruaz beste egin zuenetik, eta gertakari hori baliatu dugu arazo sozial horri buruz luze eta zabal idazteko. Horrez gain, erreportaje horrekin batera, baliabide pedagogiko bat ere osatu dugu, gaia ikastetxeetan eta bestelako hezkuntza esparruetan landu ahal izateko.
Datozen egunetan eskuratu ahalko da hamabostekaria eskualdeko ikastetxe, kale, kulturgune, saltoki, taberna eta bestelako topalekuetan, doan.
25 urte igaro dira Jesus Garcia Ferreiro 18 urteko gazte laudioarrak bere buruaz beste egin zuenetik. Denbora nahikoa igaro da suizidioaren inguruan hausnartzeko, bere kasu pertsonaletik abiatuta.
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) October 10, 2024
🗞️ Erreportaje osoa Aiaraldea Hemen hamabostekarian👉 https://t.co/7zYRnYqhku pic.twitter.com/vMfFlwrUG4