Aiaraldeko pentsiodunek mugikortasun urriko pertsonak C-3 lineako trenetara igo ahal izateko kanpainari ekin diote berriro

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko urr. 22a, 12:00

Azaroaren 4an Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzara joango dira, eta gutuna emango diote Garraioetako eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroa den Oscar Puenterentzat.

Aiaraldeko eta Bizkaiko pentsiodunen mugimenduak sentsibilizazio-kanpaina berria eta askotariko ekimenak prestatu dituzte, mugikortasun urriko pertsonak Renferen Aldirietako C-3 lineako trenetara igo ahal izateko.

Maiatzean eta ekainean herritarrei irekitako kanpaina egin zuten, Renfek neurri egokiak har zitzan eta unitate bakoitzeko bagoi batek, gutxienez, sarbide irisgarria izateko.

Horrekin batera, mozioak aurkeztu zituzten tren-linea hori igarotzen den Udaletan, eta eskaera horren alde agertu ziren Amurrio, Urduña, Laudio, Ugao eta Arrigorriagako Udalak. Era berean, hainbat herritan sinadurak bildu zituzten ekainaren 17an, geltokietan aurkeztu ziren norbanakoen erreklamazioei eransteko. 

Pentsiodunen mugimenduak, ohar bidez zabaldu duenaren arabera, “Renfeko arduradunek behin baino gehiagotan adierazi dute arazo hori konpontzeko prest daudela aurreikusita dituzten tren berriekin, baina beti zehaztu gabe noiz jarriko diren martxan”.

“Hilabete batzuk igaro dira inolako erantzun praktikorik gabe”, eta Aiaraldeko eta Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak sentsibilizazio-kanpaina berria jarri du abian. Beste idazki bat egingo diete Udalei, eta gaiari buruzko gutunak jasotzea proposatu.

Garraioetako eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroari gutuna

Aazaroaren 4an, astelehenean, pentsiodunek eta ekimenarekin bat egiten dutenek trena hartuko dute herri bakoitzean, eguerdiko 12:00etan plaza Biribilean Bilboko pentsiodunekin batzeko.

Ondoren, manifestazioa egingo dute Kale Nagusitik Espainiako Gobernuaren Ordezkariordetzaraino, eta gutuna emango diote Garraioetako eta Mugikortasun Iraunkorreko ministroa den Oscar Puenteri. Arazoa konpon dezan eskatuko diote, “ez baita Urduña eta Bilbo arteko aldiriko C-3 linea horrentzat soilik, beste linea askori eragitren baitio”. 

5 urteko epea tren berriak jasotzeko

Pasa den astean probak egin zituzten C-3 linean ezarriko dituzten tren unitate berrien -Civia 464 modeloa- funtzionamendua aztertzeko. Hori bai, iturri sindikalek aurreratu dute bost urte igaroko direla tren horiek heldu arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide