Igandera arte tren-modelo berria (Civia 464 izenekoa) probatuko dute Bilboko Aldiriak zerbitzuan. Hain zuzen, orain C-1 eta C-2 lineatan ari dira test horiek egiten (hau da, ez Aiaraldeara heltzen den C-3 linean), baina ariketa horien bitartez argitu nahi dute zein aldaketa behar dituzten Civia 464 modeloek Bilboko Aldiriak zerbitzura egokitzeko.
Testatzen ari diren unitate horiek ez dira, berez, berriak. Maiatzean iturri sindikalek aurreratu zuten moduan, Bartzelonan egun funtzionamenduan daudenak dira eta jadanik hamabost dituzte. Sindikatuen iturriek iragarri dute, dena den, bost urte barru helduko direla unitateak Bilbora eta orduan 20 urte inguru izango dituztela. "Nahiko zaharkituta egongo dira", iritzi du sindikatuetako kide batek.
Berez, gaurko C-3 lineako trenak berdin heldu ziren, sindikatuek azaldu dutenez. Hau da, Espainiako Estatuko hiriburu handietatik kendu zituztenean iritsi ziren bertara.
Orain C-3 linean probatuko ez duten arren, berez Bilbo eta Urduña arteko trenbiderako diseinatuta omen dago tren modelo berria
Modelo irisgarriagoa
Iturri sindikalen iritziz, irisgarritasunak hobera egingo du Civia 464 unitateetan. Izan ere, adierazi dutenez, arazoak C-1 eta C-2 lineatan sor daitezke, nasak altuagoak direlako, baina ez C-3an, Bilbo-Urduñako nasetarako diseinatuta omen dagoelako Civia 464.
Ministroak aipatu zuen maiatzean
Hain zuzen, Espainiako Gobernuko Oscar Puente Santiago Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministroak maiatzean Senatuan aipatu zuen tren berriak egongo zirela Bilbon, baina sindikatuek nabardura egin zuten: ez dira izango eraikiko dituzten 280 unitate berriak izango (3.000 milioi euroko inbertsioa ekarri dutenak), baizik eta tren ekoiztu berri horiek ordezkatuko dituztenak modelo zaharrak.
Egun horretan, eta Josu Estarrona EH Bilduko senatariaren galderari erantzunda, Ministroak aitortu zuen Bilbo Aldirietako zerbitzua ez zela egokia. Izan ere, erabiltzaileen kexak oso ohikoak dira matxura eta atzerepenengatik. Zehazki, honakoak izan ziren Oscar Puente Santiagoren hitzak: "eskuragarri dagoen materialarekin, ahal dugun zerbitzua ematen dugu. Ez badugu material nahikorik maiztasunak hobetzeko, egiten ari garena da, jakina, puntako orduetan zentratzea eta, agian, beste orduak alde batera uztea".