INDARKERIA MATXISTAREN LEKUKOTZAK

“Urjenteki behar ditugu aitortza soziala eta instituzionala, ez dugu azaroak 25eko pankarta bat izan nahi”

Izar Mendiguren Cosgaya 2024ko aza. 25a, 17:59

Indarkeria matxista jasan duen eskualdeko emakume baten aitortzak argi dio: “Horrenbeste aldiz biktimizatu gaituztenean, eta ez gaituztenean biktima gisa aitortu… etsitua eta ez ulertua sentitzen naiz sozialki eta instituzionalki”. Argazkian klik eginez entzun daiteke lekukotxa osorik.

Gaur -azaroak 25- “ospatzen” da “indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko eguna”. Erreala da hori, baina zer nolako errealitateak ezkutatu eta azaleratzen ditu? Aiaraldea Komunikabidearekin (anonimotasuna bermatuta) mintzatu da indarkeria matxista jasan duen eskualdeko emakumeetako bat: “Lau urte pasa dira epaiketatik. Nahiz eta trauma iraunkorraren uneak izan, ez da ametsgaizto hau bukatu”. Denbora luzea darama osatze feministan: “Asko egin dut aurrera, baina errekuperazioa (adituen arabera) betierekoa da; 10 urtekoa bataz beste”. 

“Asko egin dut aurrera, baina errekuperazioa (adituen arabera) betierekoa da; 10 urtekoa bataz beste”

Osatze feministaren beharra

Ahalduntzen dihardu, geroztik. “Eta, bai,  denbora asko igaro arren, beldurra izaten jarraitzen dut. Uneotan beldurra ematen dit hitz hauen atzean dagoena ni naizela deskubritzeak”, dio. Pentsamendu ugarik azaleratzen dizkiote, ordea, tratu txar psikologikoen ondorio zuzenak: “Akaso ez da horrenbesterako izan…Bizitakoa indarkeria matxista izan ote den ere dudan jarri izan dut”. 

‘Ez zaude bakarrik’ esaldipean eta #NikSinistenDizut traolarekin erakutsi dio jendarteak babesa indarkeria matxista jasan duen emakume* askori azken urteetan. Hala ere, ez pentsa aski denik: “Nahiz eta inguruan babesten nauen jende asko izan, bakarrik sentitzen naiz. Ondorioen errekuperazio edo osatzea behar duena ni naizelako. Ni naizelako lo egin ezinarekin borrokan dabilena, pentsatzen duen hori azaleratzeko ezintasuna daukana, ziurtasun eza sentitzen duena; estresa, memoria falta, antsietatea, harreman berriekiko beldurra duena, deskonfiantza daukana, nire emozio propioak irakurtzeko zailtasunak dituena, autodesbalorazioan diharduena, publiko aurrean hitz egiteari izu diona eta abar, eta abar“.

“Nahiz eta inguruan babesten nauen jende asko izan, bakarrik sentitzen naiz; ni naizelako ondorioen errekuperazio edo osatzea behar duena"

Ondorio ugari, eta aitortza gutxi

Ondorio ugari eta aitortza zein laguntza gutxi dituzte gaur egun indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek Aiaraldean zein Euskal Herrian. “Zure buruari zin egiten diozu dena ematen ari zarela, eta ahalik eta lasterren bukatuko duzula sufrimenduarekin, baina denborarekin kaka gehiago ateratzen da, lehen ikusi ere egiten ez zenituen gauzak. Biktima gisa aitortzea asko kostatzen zait”.

Zenbaterainoko aitortza eta erreparazioa dute egoera horretan dauden emakumeek? Zein baliabide daude horri aurre egiteko? Anonimotasuna gorde baina lekukotza zabaldu duen emakumearen hitzetan, "zurikeria morea" nagusitzen da azaroak 25 gisako egunetan: “Esatea gustatuko litzaidake zeinen etsita eta ez ulertua sentitzen naizen soziaki eta instituzionalki. Zeren biktima bat zalantzan jartzen denean erasotzailearen aldetik behin eta berriro, eta osasun, justizia zein polizia sistemen partetik ere…”.

Are, erantsi du, biktima epaitzen dela erasotzailearen ordez "kaleetan eta baita sozialki ere”. Horren adibidetzat ditu oso ohikoak diren galderak; besteak beste: “Baina, jo zaitu? Zerbait gehiago egin dizu? Eta erantzuna edozein delarik ere, duda airean dago”.

“Biktimak zalantzan jartzen dira erasotzaile, osasun zein polizia sistemen partetik. Biktima epaitzen da erasotzailearen ordez kaletetan eta sozialki ere”

Aurrera egiteko heldulekuak izan beharko liratezke, bere ustez, aitortza soziala eta instituzionala, “urjenteki”, gainera. “Ez dugu azaroak 25eko pankarta bat izan nahi, edota erailketa matxista dagoen aldiro ateratzen dena. Egia izan nahi dugu jendarte honetan. Ez da nahi dugula, behar dugula da. Aurrera egin behar dugu, orria aurrera pasatu”. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide