Hainbat ekitaldi izango dira eskualdean Euskararen egunaren harira. Amurrion, Laudion eta Urduñan hainbat egunetako egitaraua prestatu dute. Kontzertuak, literatura irakurraldiak eta umeentzako ekintzak egongo dira, besteak beste.
Azaroak 28, ostirala
Laudion 11:00etan Herriko plazan ekitaldi publikoa egongo da. Herriko eskolek hartuko dute parte eta baita euskaltegiek eta Udalak ere. Jarraian, sari bana emango zaie euskararen sustapenean azken urteotan gailendu diren bi establezimenduri: Grafik eta Tximeleta.
17:30ean Kasinoan “Euskararen Kriseilua” ekimenaren amaierako ekitaldia egingo da. Ipuin kontalaria, familien esperientzien bideoaren proiekzioa, diploma-banaketa partaideentzat, ipuin-kontalaria eta, amaitzeko, talde-argazkia egongo dira. 19:00etan, aldiz, bertso-saioa egongo da Kasinoan, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Jon Maia eta Amets Arzallusekin.
Amurrion ere egitarau zabala dago biharko programatuta. 9:30ean Literatura irakurraldia egongo da Juan Urrutia plazan herriko ikastetxeen eskutik, 13:15ak arte. 18:00etan Amurrioko I. Bideo kopla jaialdia egongo da Amurrio Antzokian eta 20:00etan Euskaldunga euskaldun zahar eta euskaldun berriei buruzko antzezlan umoretsua.
Urduñan Kalaka zurezko plaza jokoak daude 16:30ean eta 19:00ean Korrontzi taldearen kontzertua, Erauntsi dantza taldearekin batera. Horrez gain, Zollon Txalainak taldeak joko du 21:00etan, eta ogitartekoak ere eskainiko dituzte afaltzeko.
Azaroak 30, larunbata
Laudion 11:00ean umeentzako jolas eta tailerrak egongo dira Basalarrina Kultura Elkarteak antolatuta. 13:00ean Euskararen Makila emango zaio Berbots-AEK euskaltegiari. 17:30ean, aldiz, Sorgin Zapatuak ekintza egingo dute Lezeaga aretoan.
Urduñan, aldiz, euskararen aldeko graffiti tailerra antolatu du Urduñako Gazte Asanbladak 12:30etarako, Foru plazan. 17:00etan DJ Kaptusek joko du eta 18:30ean txokolare jana eta kalejira egongo dira Nafarroa Kanta Taldearekin.
Amurrion 17:00etan body paint tailerra egingo dute Kultura etxean, 10-14 urte bitartekoentzat. 18:00etan Porrusalda erromeriak joko du Juan Urrutia plazan, haur eta familientzat; eta 19:30ean Ugarte Otxotearen kantu kalejira abiatuko da herrian zehar. 22:00etan Furgonologoa, Julen Axperen bakarrizketa umoretsua, ikusi ahal izango da, plazan.
Artziniegan, aldiz, herri bazkariaren inguruan ardaztuko dute eguna. Aurretik kalejira egingo dute Nafarroa Kanta Taldearekin, eta arratsaldean ere kantuan jarraituko dute.
Abenduak 1, igandea
Igandean Aiaraldeko Euskararen Eguna ospatuko da Arrankudiaga-Zollon. Mendi buelta, umeentzako jolasak, poteo musikatua eta bazkaria antolatu dituzte, besteak beste.
Abenduak 3, asteartea
Eukararen egunean, 11:00etan Laudioko Udalaren Hizkuntza Politiken diagnostikoaren aurkezpena egingo dute Udalbatza aretoan eta 12:00etan adierazpen instituzionala. Amurrion 17:30ean Ibon magoaren ikuskizuna ikusi ahalko da eta 18:30ean ekitaldia eta txokolate jana egongo dira. Urduñan, aldiz, ekitaldia egingo da hiriko merkatari eta ostalariekin, euskara sustatzeko hartu dituzten konpromisoak sinatzeko.