Arrankudiaga-Zollon ospatuko da aurten Aiaraldeko Euskararen Eguna

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko aza. 15a, 21:10

Gaur arratsaldean aurkeztu dute euskararen egunaren egitaraua. / Aiaraldeko Euskalgintza Kontseilua

Udalerri bat eta bi herri, beraz berritasuna ere dakar aurtengoak: hitzordu bikoitza. Azaroak 29an Zollon abiatuko da festa eta abenduaren 1ean egun osoko egitaraua egongo da Arrankudiagan.

Aiaraldeko Euskararen Eguna Arrankudiaga-Zollon ospatuko du aurten eskualdeko Euskalgintza Kontseiluak, azaroaren 29an eta abenduaren 1ean.

Gaur arratsaldean egin dute ekimena aurkezteko agerraldia. Bertan plazaratu dute Arrankudiaga-Zolloko herritar eta eragileekin batera hilabetetan zehar ondutako egitaraua, Euskararen Eguna eskualdeko osoko herritarrekin ospatzeko. "Publiko anitza asebeteko duen eskaintzan musika, mendia, jan-edana, adin guztietarako jolasak, umorea... ez dira ez faltako", nabarmendu dute. Eta horretarako konplizeak ez dira gutxi, Kontseiluaren hitzetan: Mantxinkorta mendi taldea, Kamaraka pilota elkartea, Arrankudiagako Eskola eta IGEa, Musika Eskola, Eskubaloi taldea, Kirikiño... 

Jaiaren egitarauaren inguruko xehetasun guztiak Kontseiluaren webgunean aletuko dituzte datozen egunetan. Bestalde, Arrankudiagara trenez hurbiltzeko gomendioa egin dute, "erosotasuna, segurtasuna eta bideragarritasuna buruan".

Arrankudiaga-Zollon euskara borbor

Euskara bultzatzeko hainbat ekimenetan dago murgilduta Arrankudiaga-Zollo, Aiaraldeko eta Euskal Herriko Euskalgintza Kontseiluekin zein UEMArekin elkarlanean. Prozesu parte hartzaile bat abiatu du Udalak xede horrekin.

Gurasoleku ekimena lehen aldiz burutu da Arrankudiagan eta izen-emate andanaren ondorioz pausu berriak eman dira: euskara ikasteko guraso talde bat sortu da ikastetxean, berbalagun talde bat martxan jarri eta familiek aisialdian euskaraz gozatzeko taldea ere abiatuko dute.

Euskararekin korapilatu zaitez!

Arrankudiaga eskolako ikasleek eskualdeko gainerakoei bota diete erronka: Euskararekin korapilatu zaitez!.  Aho korapiloak sortu eta Arrankudiaga-Zollo hobeto ezagutzeko proposamena prestatu dute horretarako eta ikastetxe guztietara helarazi. Abenduaren 1ean ikusiko da ekimen honen lehen emaitza.

Berotzen joateko... memealdia

Hirugarren urtez jarraian, martxan da Memealdia, euskarazko memeen lehiaketa. Umorea, sormena eta euskara uztartuko dituzte ekimen horren bidez. Bertan parte hartzeko argibideak Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren webgunean daude, eta baita egitasmorako propioki sortutako Instagram kontuan ere. Lehiaketaren sari banaketa Arrankudiagan izango da abenduaren 1ean, jasotako meme guztien proiekzioarekin batera. Iaz 200 memetik gora jaso zituzten, eta erronka bota dute: "aurten baietz gainditu!".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide