Aiaraldeko pentsiodunek mobilizazioa egin zuten astelehenean, Arabako Foru Aldundiari eskatzeko ofizioz egitea Espainiako Auzitegi Gorenaren 255/2023 epaiaren ondoriozko ordainketak.
1979a baino lehen Lan Mutualitateetan kotizatu zuten beharginei eragiten die epai horrek, garai hartan ez zelako kenkari bat kontuan hartu eta, ondorioz, urte horietan lanean egon ziren pertsonek eskubidea dutelako diru itzulketa jasotzeko, oraindik preskribatu ez duten bost urteengatik (2018tik 2022ra bitartekoak).
Horri lotuta, Arabako Foru Aldundiak berak oharra plazaratu zuen atzo azaltzeko orain arte 66,7 milioi euro baino gehiago itzuli dituela, eta oraindik likidatu gabe daudela "berrikusi eta zuzendu daitezkeen erreklamazioak edo dokumentazio gehigarria eska dakizkiekeenak".
Gauzak hala, foru erakundeak aurreikusi du itzuliko duen diruaren zenbatekoa handitu egingo dela datozen hilabeteetan. "Foru Ogasunean aurkeztutako erreklamazio guztien erdia baino gehiago automatikoki ebatzi dira. Horren ondorioz, 69.161 likidazio sortu dira guztira", zehaztu dute, "oraindik ebazteke daude beste berrikuspen bat izango duten erreklamazioak edo prozesu automatikoak egin ondoren aurkeztutakoak. Horiek datozen hilabeteetan ebatziko dira".
Nola erreklamatu daiteke dirua?
Aldundiak ez die erantzun momentuz eskualdeko pentsiodunek eginiko aldarrikapenei. Gauzak hala, gaur gaurkoz, interesdunak berak jo behar du foru erakundera dirua erreklamatzera. Hemen ikusi daitezke horretarako argibide guztiak.