Urteko gaietako bat izan da etxebizitzarena. Tentsionatutako eremuak, etxegabetzeak, gentrifikazioa... ohiko kontzeptuak bilakatu dira hedabideen titularretan. Abenduaren 14an Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuek eginiko mobilizazioak milaka lagun bildu zituen Bilbon.
Aiaraldean, aldiz, gaiak ez du kalera eztabaida publikora salto egin, orain arte. Iragan astean iragarri zen Amurrion etxegabetze bat egon zela, eta agerraldia deitu dute ostiral honetarako hori salatzeko.
2008ko krisia
Berez, etxegabetzeen aurkako borroka orain baino nabarmen presenteago egon zen eskualdean iragan hamarkadaren hasieran. Historia aski ezaguna da: 2008ko krisiaren ondorioz, jende asko hipoteka ordaindu ezinik geratu zen. Kaleratze olatu handia eratu zen orduan, eta baita horren aurkako mugimendu sendo eta zabala ere. Testuinguru horretan jaio ziren Stop Desahucios edota Plataforma de Afectados por la Hipoteca (PAH) bezalako plataformak. Eragile horiek lehen planora ekarri zuten egun batetik bestera bizitokirik gabe geratu ziren herritarren errealitatea, eta horren aurkako neurriak hartzera derrigortu zituzten erakunde publikoak.
Hemerotekari begiratu bat ematen badiogu, ikusi daiteke mugimendu hark eskualdean ere izan zuela oihartzuna. 2012ko apirilekoa da Aiaraldea Komunikabideak jasotako lehen kasua. Orduko hartan Aretako emakume batek bere etxegabetzea ekiditea lortu zuen, Stop Desahuciosen laguntzarekin, Banco Santanderrekin alokairua birnegoziatuta. Urte bereko azaroan sortu zen Stop Desahucios Aiara. Eragile horietako ordezkariek aholkularitza juridikoa zein arreta psikologikoa eskaintzen zieten etxegabetze egoeran zeuden bizilagunei, eta mobilizazio bateratuak egin zituzten baita eskualdeko bestelako eragile sozial eta sindikalekin.
Instituzio publikoekin ere garatu zuten elkarlana. Laudioko Udalak 2013ko otsailean aurkeztu zuen etxegabetzeei aurre egiteko protokolo propioa, EAEko udal batek egiten zuen lehenengoetarikoa izan zena. Protokolo horrek hainbat neurri jasotzen zituen eta, besteak beste, aukera ematen zion tokiko erakundeari etxegabetzea gauzatu nahi zuen finantza erakundearekin harreman ekonomikoak eteteko.
Gaur egungo egoera
Stop Desahucios Aiara hiruzpalau urtez egon zen funtzionamenduan, baina bere jarduna eten zuen gero (zaila da zehaztea noiz desegin zen guztiz, ez baitzuten publikoki jakinarazi). Ordutik hona ez da egon etxebizitzaren auziari heldu dion bestelako mugimendurik eskualdean. Gaiarekin zerikusia duen ekimen bakanetako bat 2020an jazo zen, Orbeko Etxea gune autogestionatuko kideek okupazioaren kriminalizazioaren aurkako mobilizazioa egin zutenean.
Baina arazoa eztabaida publikora salto egin ez izanak ez du esan nahi existitzen ez denik. Eustatek iaz eginiko neurketaren arabera, 17.536 etxebizitza daude gaur egun eskualdean. Horietako 14.975 (%85,3) jabetza erregimenean daude, eta 2.177 (%12,41) baino ez daude alokatuta. Ehuneko txikia da, EAEko (%14,5) zein Arabako (%15,4) batez bestekoen azpitik kokatzen dena (orokorrean, alokairuan dauden etxebizitzen ehunekoa oso baxua da Espainiako Estatuan, are gehiago Europako beste herrialde batzuekin alderatuz gero).
Aurtengo urrian gutxienez 1.464 aiaraldear zeuden Etxebiden izena emanda etxe-eskatzaile gisa, gehienak alokairu bila
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailaren ekaineko neurketen arabera, 555,1 eurokoa zen Aiaraldean kontratupeko alokairuan zeuden etxebizitzen batez besteko errenta, EAEkoa 754,3 eurokoa zen bitartean. Hala ere, etxebizitza beharra dagoela erakusten dute datuek, eta gehiagora doan fenomenoa da. Aurtengo urrian gutxienez 1.464 aiaraldear zeuden Etxebiden izena emanda etxe-eskatzaile gisa, gehienak alokairu bila. Gutxienez diogu, estatistikan ez dituelako Artziniega, Arakaldo, Arrankudiaga-Zollo eta Okondoko datuak erakusten, udalerri txikiegiak direlako datuen babeserako legearen irizpideei begira. Igoera nabarmena izan da: 2023ko urrian 1.225 ziren etxe-eskatzaileak, eta 2021eko hilabete berean 968. Hau da, azken hiru urtetan 496 pertsona gehiago batu dira eskatzaileen zerrendara; esan bezala, gehienak alokairuaren modalitatean. Badago beste datu bat ere kontuan hartzeko modukoa: 15 pertsona bizi dira kalean Laudion, eginiko azken zenbaketaren arabera. Igoera deigarria da, 2022an eginiko zenbatekan ez baitzen inor kontabilizatu. Gainera, kontuan izan behar da Laudion soilik egin dela kontaketa aurten. Eskualdeko errealitatea askoz gordinagoa izan daiteke beraz.
Etxe hutsak eta zergak
Lehen aipatu dugu azken urteetan ez dela egon etxebizitzari lotutako mobilizaziorik, baina hori ez da guztiz zehatza. Iragan abenduaren 9an dozenaka lagun batu ziren Amurrioko parkean, Ondasun Higiezinen Gaineko Zergaren igoeraren aurka protestatzeko. Salatu zutenez, bizilagun batzuei %20 igo diete zerga, eta aurreratu zuten ekimen eta mobilizazio gehiago egingo dituztela horren aurka.
Hori bada deigarria: eskualde honetan lehenago mobilizatu dira higiezinen jabeak, alokairuan bizi direnak baino. Eta horrek agian pistaren bat eman dezake Aiaraldean dagoen errealitatearen inguruan.
Eta pista gehiago eman ditzakete baita Laudioko Udalak irailean plazaratutako datuek. Tokiko erakundeak Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu zuen herrian hutsik dauden etxebitzen zerrenda, euren jabeei %50ko errekargua ezarriko zitzaiela jakinarazteko. Etxe huts horiek alokairu merkatura mugitzea zen neurriaren xedea, baina kritika gogorrak jaso zituen zenbait alderdiren partetik. EAJk zerrenda publiko egin izana deitoratu zuen, “jabetza pribatua estigmatizatzen” duela argudiatuta. PPk, bere aldetik, adierazi zuen ez zuela uste neurri egokia zenik errekargua ezartzearena. Alderdi Popularraren aburuz, etxebizitza huts horien jabeak herri txikietan bizi diren biztanleak dira eta bigarren etxebizitza erosi dute euren bizitokitan eskura ez dituzten zenbait zerbitzu publikoetara heltzeko.
Baina, zer diote datuek? Laudioko Udalak plazaratutako zerrendaren arabera, 660 etxe huts daude herrian. Kopuru handia da, EAEko bataz bestekotik nabarmen gora kokatzen dena. Hala ere, kontuan izan behar da kopuru behin-behinekoa dela.
Zerrenda aztertuz gero, ez dirudi jabetza-pilaketa handia dagoenik. Jabe gehienek (394) etxebizitza bat dute hutsik gehien jota. 103 jabe daude bi etxe huts dituztenak, 11 jabe daude hiru etxe hutsekin, hiru jabe lau etxe hutsekin eta bana zazpi eta zortzi etxe hutsekin. Baina kontuan izan behar da zerrenda horretan etxe hutsak baino ez daudela zenbatuta. Gauzak hala, ezin da zehaztasunez jakin Laudion jabe-handi asko dauden edo ez.
Zerrendan agertu egiten dira bankuenak edota funts putreenak diren zenbait etxebizitza; baina, lehen begiratuan behintzat, ez dirudi inondik inora gehienak direnik. Gauzak hala, intuitu daiteke Laudioko (eta eskualdeko) errealitatea ez dela Bilbo edota antzeko beste hirietakoa bezalakoa. Hemen ez dirudi kapital handirik dagoenik auzo eta eraikin blokeekin espekulatzeko irrikitan, edo ez behintzat horren modu nabarmenean. Eta agian hori izan daiteke etxebizitzaren problematika beste toki batzuetan bezala azaleratu ez izanaren arrazoietako bat. Dena den, argi dago eskualdeko errealitateak badituela osagai nahiko toki batetik edo bestetik gainezka egiteko. Nondik egingo duen da galdera.