
Amurrion etxegabetze bat burutu da. Hala salatu du Aiaraldeko Greba Batzordeak (SOS Aiaraldea) sare sozialen bidez, eta agerraldia deitu du datorren asteko ostiralerako (urtarrilak 17) gertatutakoa salatzeko.
Arratsaldeko zazpietan jarri dute hitzordua Amurrioko udaletxearen aurrean, eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko gonbita.
Etxebizitzaren gaiak zeresan handia eman du azken hilabeteetan Euskal Herrian. Eskualdean, aldiz, honako hau da azken urteetan etxegabetze bat salatzen den lehenengo aldia.
Hala ere, gaiak hainbat albiste utzi ditu azken hilabeteetan. Urrian, adibidez, tira-bira politikoa sortu zen Laudion, etxebizitza hutsei ezarritako errekargua dela eta. Amurrion, aldiz, Udalak urte amaieran iragarri zuen hiru lurzoru publiko lagako zizkiola Eusko Jaurlaritzari babes publikoko etxebizitzak eraikitzeko.