Eskualde osoan dago martxan Berbalagun egitasmoa lehenbizikoz, Orozko, Arrankudiaga eta Artziniega batu ostean

Maider Ramirez Martin 2025ko urt. 22a, 08:00

Mota askotako jarduerak egiten dituzte Berbalagun zein Gurasoleku programen baitan. / AEK

“Euskara ZU zara” lelopean, mintzapraktika programetako parte-hartzaileek jokatzen duten papera azpimarratu nahi izan du AEK-k aurtengo kanpainan.

Etengabe hazten ari da AEK-k aspaldi abiarazitako Berbalagun egitasmoa. Gaur egun, 200 lagun 20 taldetan elkartzen dira Aiaran, Amurrion, Okondon, Urduñan eta Laudion eta eskualdeko hainbat txokotara eramaten dute euskara: tabernetara, mendietara, eskoletara, kultura etxetara, kaletara... Udalerri horiei beste hiru batu zaizkie urte berriarekin batera, Orozko, Arrankudiaga eta Artziniega, hain zuzen ere. 

"Programaren bidez hiztun guztiek gustura eta lasai egiten dute euskaraz"

Lehenengo aldia da proiektua Aiaraldeko udalerri guztietan martxan dagoela eta 80 ekintzatik gora aurreikusten dituzte aurtengo programazioaren baitan: sukaldaritza tailerrak, orientazio, espeleologia eta mendi txangoak, magia eta pailazo ikuskizunak, eskalada saioak, autodefentsa tailerrak, ipuin kontalariak, zeinu hizkuntza ikastaroak, ludotekak... Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren Gurasoleku programan ere parte hartzen dute berbalagunek. 

Berbalagun: zer eta norentzat? 

Mintzapraktika taldeek osatzen dute Berbalagun egitasmoa. Parte-hartzaileak hainbat jarduera egiteko elkartzen dira, betiere euskaraz hitz egiteko eta hizkuntza praktikatzeko helburuarekin.  

Antolatzaileen arabera, “programaren bidez hiztun guztiek gustura eta lasai egiten dute euskaraz, euskaldunon komunitatea indartu eta zabaltzeko” ideiarekin. Beraz, euskaldun berriek, euren ahozko maila hobetzeko edo mantentzeko parada dute talde horietan. Euskaldun oso edo zaharren papera, gainera, guztiz funtsezkoa da egitasmoan; alde batetik, euskaldun berrien euskara hobetzen laguntzen dutelako; eta bestetik, euskaldun zahar eta berrien arteko harremanak euskaraz ematea ahalbidetzen dutelako. 

Mota askotako euskaldunek parte hartzen dutela adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari Aaron Garmendia eskualdeko Berbalaguneko dinamizatzaileak: “euskara modu zuzen eta argian hitz egiten dutenak, kostata ibiltzen direnak, bizkaieraz mintzo direnak, gipuzkeraz, batuan... hitanoa praktikatzeko taldea ere sortu dugu!". 

Parte hartzeko bideak 

Doakoa da Berbalagun programako mintzapraktika taldeetan aritzea. Gainera, hilero opari kutxen zozketak egiten dituzte parte-hartzaileentzak, baita deskontuak ere zenbait harpidetzetan. 

Interesa dutenek 607 673 744 telefonora deitu edo aiaraldea@aek.eus helbide elektronikora idatzi dezakete informazioa eskatzeko zein izena emateko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide