Asier Amondo Euskadiko Pilota Federazioko presidenteorde izango da, Joxe Mari Mitxelenak urtarrilaren 25ean Abadiñon izandako hauteskundeak irabazi ostean. Asier Amondorekin batera Aimar Amondo semeak ere parte hartu du Mitxelenaren Pilota Zazpi Haizetara hautagaitzan. Zehazki, euren zerrendak 47 boza jaso zituen eta besteak 30.
Mitxelenak Gotzon Enbilen lekukoa hartuko du federazioaren gidaritzan. Zuzendaritza berriak Euskal Herriko pilota klubak indartzea izango du helburu nagusia, federazioa "kluben kluba" bilakatzeko.
Halaber, Euskal Selekzioa ofizial bilakatu ondoren, selekzioa zazpi lurraldetako jokalariz hornitzeko lan egingo dute ere.
Asier eta Aimar Amondo pozik
Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, oso positiboki baloratu dituzte hauteskundeak laudioarrek: "Emaitzen balorazioa egin behar badugu, esan balorazio ona egiten dugula, %80ko partaidetza izan du
hautatze-prozesuak, boz eskubidea zuten 96 klubetik 77 bertaratu baitziren Abadiñora. Eta 77 boz horietatik Pilota 7 Haizetarak 47 boz eskuratu ditu. Egia esan, emaitza justuagoa izango zela pentsatzen
genuen eta hemendik gugan jarritako konfidantza eskertzea baino ez zaigu geratzen".
Edonola ere, Asier eta Aimar Amondok, Pilota Zazpi Haizetara taldearen izenean federazioko kide guztiei eman dizkiete eskerrak, euren alde bozkatu ala ez: "Hemendik aurrera lanean jarriko gara, elkarlanean, pilotak denon beharra duelako. Epealdi berri honetan pilotaren inguruko estamentu guztien ekarpenak, kezkak, indarguneak… Dena jaso nahi dugu urratsak elkarrekin eta elkarrentzat egin behar baititugu".