Laudio eta Aiaran kokatu nahi duten Ferosca I zentral eolikoaren eta hari lotutako azpiegituren gaineko proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterketa berria argitaratu ditu gaur Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Erakunde publikoak 30 eguneko epea ireki du alegazioak egiteko eta edonork aurkeztu ditzake. Berez, hau da aurkezten duten bigarren ingurumen-inpaktuaren azterketa eta Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak jakinarazi du, aurreko txostenarekin bezala, helegiteak landuko dituela nahi duenak aurkezteko.
Proiektua Ferosca Wind enpresak bultzatzen du eta 6 aerosorgailu (4,5 MW-ko potentziakoak eta 113 metroko altuerakoak) instalatu nahi ditu eskualdean, Aiara eta Laudio artean, hain zuzen.
Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak azpimarratu du instalazioaren eremua ez dagoela jasota Energia Berriztagarrien Sektore Planaren barruan.