20 azpiegitura fotovoltaiko eta eoliko berriri irekitzen dizkio ateak Energia Berriztagarrien Sektore Planak Aiaraldean, eta helegiteak egiteko deia zabaldu dute

Aitor Aspuru Saez 2023ko uzt. 14a, 07:00

Mobilizazio ugari egin dituzte proiektu eolikoen kontra Aiaraldean, baina planak energia fotovoltaikoko egitasmo gehiago jasotzen ditu. / Aiaraldea.eus

Udalerririk kaltetuena Aiara da, baina Urduñan, Amurrion eta Okondon ere makroproiektu eoliko eta fotovoltaikoak baimenduko ditu Energia Berriztagarrien Sektore Planak. Hori dela medio, Aiaraldeko Mendiak Bizirik Plataformak helegiteak egiteko deia zabaldu du eta bitartekoak eskainiko ditu horretarako.

Uztailaren 24an amaituko da Energia Berriztagarrien Sektore Planaren hasierako onarpenari helegiteak aurkezteko epea eta Aiaraldean abiadura bizian ari dira prestatzen errekutsoak egitasmoa gelditzeko.

Horretan eragile anitzak ari dira jardunean, planak enpresa pribatuei askatasun osoa emango baitie azpiegitura fotovoltaikoak eta eolikoak eraikitzeko milaka hektareatan. Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak adierazi du Aiaran soilik 16 proiektu fotovoltaiko daudela. Horiei gehitu behar zaizkie Larruzabalgo batzarretan (Belandian, Mendeikan eta Lendoñogoitin) egin nahi dituzten beste bi eta Amurrion, Okondon eta Laudion aurreikusten diren egitasmo eoilikoak (eta ez dira Jesurikoak edota Untzuetakoak, beste batzuk dira).

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak salatu du Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak 20 proiektu energetikori ireki nahi diela atea eskualdean Energia Berriztagarrien Sektore Planaren bidez

"Astakeria", plataformaren aburuz

Aiaraldeko Mendiak Bizirikek astakeritzat jo du Industria Sailburuaren ekimena, arrazoi ugarigatik: "Ez da egon informaziorik herritarrentzat, udal gobernu talde aldaketen erdian egiten ari dira eta hirigintza araudia ez da errespetatzen ari. Izan ere, Sektore Plan batek Lur Zatiko Plana baino balio hierarkiko gutxiago dauka administrazioan eta Sektore Plana arau guztien gainetik jartzen saiatzen ari dira".

Helegite anitz

Plataformak hainbat bide ireki ditu Sektore Plana gelditzeko. Alde batetik, helegite herrikoia utzi dute Laudioko Zuhaitza Liburudendan, nahi duenak sinatu dezan. Uztailaren 20an EAEn jasotako helegite guztiekin eramango dute Eusko Jaurlaritzara.

Horrez gain, helegite teknikoagoak prestatzen ari dira, bereziki, irizpide teknikoak baliatuta. Gainera, EAEn Sektore Planaren aurka aritzen diren plataformek (eskualdekoak barne) aholkularitza juridikoa kontratatu dute esparru horretan ere helegiteak sortzeko.

Udalen helegiteak

Hori guztia gutxi balitz, Aiaraldeko plataforma zenbait udalekin jarri da harremanetan jakiteko helegiteak prestatuko dituzten. Laudiok, Orozkok eta Aiarak adierazi diete horrela egingo dutela eta uste dute Amurriok ere egingo duela.

Aiarako kasuan, udalerrian izango duen eraginaren tamaina ikusita, aholkularitza kontratatu dute, Administrazio Batzarrak lagundu ditzan horretan. Karmele Poblacion zinegotziak aipatu zion Aiaraldea Komunikabideari egoera kritikoenak Olabezarren, Zuhatzan, Arespalditzan, Murgan, Menagarain eta Etxaurrenen daudela.

Uztailaren 20an elkarretaratzea

Energia Berriztagarrien Sektore Planaren aurka jardun diren EAEko plataformek eta taldeek deialdia egin dute uztailaren 20rako. Egun horretan elkarretaratzea egingo dute Eusko Jaurlaritzako Gasteizko egoitzaren aurrean eta gero bildutako helegite guztiak emango dizkiote erakundeari.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide