Aurtengo bigarren erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Aiara, Artziniega eta Amurrion

Erredakzioa 2025ko ots. 8a, 16:53

Amurrioko Juan Urrutia plazan egin zuten elkarretaratzea atzo. / Amurrioko Mugimendu Feminista

Gizon batek bere ama erail zuen asteartean Irunen, eta hori salatzeko mobilizazioak egin dituzte Euskal Herriko hainbat txokotan. 

Elkarretaratzea egin zuten atzo Amurrioko Juan Urrutia plazan, otsailaren 4an Irunen jazotako erailketa matxista salatzeko, Euskal Herrian aurten jazotako bigarrena izan dena. Aiaran, aldiz, Ferialean egin zuten mobilizazioa:

Artziniegan, ordea, frontoian egin zuten protesta:

Mobilizazioen antolatzaileek "babes eta elkartasun osoa" helarazi nahi izan zieten eraildako emakumearen "senide, lagun eta gertukoei". Nabarmendu zuten "nazkatuta, nekatuta eta haserre" daudela, baina baita "prest" ere, horrelako gertakariak kalean salatzen jarraitzeko. "Prest gaude erakundeei eraso matxista bat gertatzen den bakoitzean minutu bateko isilunea egitea baino zerbait gehiago egiteko eskatzeko, eta indarkeria matxistaren konplize den orori ardurak exijitzeko, gizonei bereziki", adierazi zuten elkarretaratzean. 

Gogorarazi zuten erailketa matxistak direla "indarkeria matxistaren eta estruktura heteropatriarkalaren ondorio izugarri eta lazgarrienak", baina badaudela beste "hamaika aurpegi" ere: "indarkeria matxista da emakumeon* diru iturriak kontrolatzea, indarkeria matxista da kaletik begiradarekin akosatzea, indarkeria matxista da eraso bat salatzen dugun bakoitzeko gure hitza zalantzan jartzea, indarkeria matxista da gizonen arteko aliantzak eraikitzen eta sostengatzen jarraitzea eta hartu beharreko ardurei entzungor egitea, eta indarkeria matxista dira egunero pairatzen ditugun adibide gehiagoren zerrenda amaigabe bat, zoritxarrez". 

Horren guztiaren aurrean, "urgentziazko mekanismoak" aktibatu behar direla aldarrikatu zuten Mugimendu Feministako kideek, indarkeria matxistarena "lehen mailako arazo sozial eta politikotzat hartua izan dadin". Horrekin batera, "antolakuntza eta autodefentsa" aldarrikatu zituzten, "tresna eraginkorrenak" direla iritzita. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide