Aiaraldeko enpresa eta autonomoen federazioa sortu dute, erreferentzia bilakatzeko eskualdearen garapen ekonomikoan

Txabi Alvarado Bañares 2025ko ots. 27a, 15:22

Ordezkaritza politiko eta instituzional zabala egon da aurkezpenean. / Aiaraldea.eus

Aiaraldea Lanean egitasmoak Laudio eta Amurrioko enpresa zein merkatarien elkarteen indarrak batu ditu, eta eskualdeko gainontzeko herrietara ere zabaldu nahi dute. 

Aiaraldeko enpresa eta autonomoen federazioa aurkeztu dute gaur goizean Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan. Aiaraldea Lanean izena jarri diote egitasmoari. Azaldu dutenez, iazko udan ekin zioten lehen urratsak emateari, Laudio eta Amurrioko enpresa zein mertakari elkarteak batuta, baina Aiara, Okondo eta Artziniegako enpresa eta autonomoekin ere aritu nahi dute elkarlanean, eta urratsak emango dituzte horri begira datozen hilabeteetan. 

Hala azaldu dio Gorka Aguirrek Aiaraldea Komunikabideari. Federazioko presidenteak nabarmendu du "erreferentea" izatea bilatzen dutela administrazioen zein enpresa pribatuen artean, "eskualdearen garapen ekonomikoa" helburu bezala hartuta, "erakunde pribatu zein
publikoen ahaleginak eta lankidetzak bateratuz". 

Enpresen sareak ez ezin, Laudio eta Amurrioko merkatarien elkarteak ere batu dira federaziora, eta eskualdeko gainontzeko herrietara zabaltzea dute helburu. 

Ordezkaritza politiko zein instituzional zabala egon da gaur goizeko aurkezpenean. Aiaraldeko udalerri arabarretako alkate guztiak bertaratu dira, eta Ainize Gastaka zein Txerra Molinuevok hartu dute hitza. Laudioko alkatea pozik azaldu da aurkeztutako egitasmoarekin, eta Aiaraldean modu duinean bizitzeko baldintzak sortu behar direla aldarrikatu du. Amurrioko gobernuburuak, aldiz, "lankidetza publiko pribatuaren" beharra nabarmendu du, eta antzeko hitzak baliatu ditu Iñigo Pinedo Aiarako Kuadrillako presidenteak ere. 

Eusko Jaurlaritza prest agertu da egitasmoa laguntzeko etorkizunean izango dituen erronketan. 

Eusko Jaurlaritza, laguntzeko prest

Eusko Jaurlaritzako Industria saileko ordezkari bat ere igo da oholtzara. Federazioaren sortzaileek erakutsitako "eskuzabaltasuna" eta "konpromisoa" goraipatu ditu, "geroz eta gizarte indibidualistagoan" bizi garela nabarmenduta. Zehaztu duenez, Jaurlaritzak ez du Federazioaren sorreran parte hartu, baina prest azaldu da etorkizunean laguntzeko. 

Ramiro Gonzalez, "lehiakortasuna" helburu

Ramiro Gonzalez izan da ekitaldia ixteaz arduratu dena. Arabako Ahaldun nagusiak defendatu du Aiaraldea "potentzial handiko eskualdea" dela, baina erronka handiak dituela esku artean: trantsizio energetikoa, talentua mantentzea edota "testuinguru geopolitiko globalari" aurre egitea, besteak beste. 

Ramiro Gonzalezek "eragile sozial eta sindikatuak" interpelatu ditu, esanez "beharrezkoa" dela "konfliktibitatea lankidetzaren kulturagatik ordezkatzea"

Horri lotuta, aurreko asteetan komunikabideetan plazaratutako iritziei eutsi die Gonzalezek, nabarmenduz "paktu" handi bat behar dela "Aiaraldeko lehiakortasunaren alde". Bere hitzetan, herrialdeak elkarren artean ari dira lehian "aberastasuna erakartzeko" eta, testuinguru horretan, beharrezkoa da eskualdean erakargarria egitea "inbertsio industrialarentzat". 

Diputatu nagusiak nabarmendu du erakunde publikoak "inoiz baino diru gehiago" inbertitzen ari direla eskualdean, baina hori ez dela nahikoa. Horri lotuta, "eragile sozial eta sindikatuak" interpelatu ditu, esanez "beharrezkoa" dela "konfliktibitatea lankidetzaren kulturagatik ordezkatzea". 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!