Arabako Batzar Nagusietara iritsi da Guardianen itxieraren auzia. Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak hitza hartu du bertan gaur goizean, eta ziurtatu du "etengabe" ari direla lanean, "Eusko Jaurlaritzara eta Arabako Foru Aldundira hurbildu diren inbertitzaileekin hitz egiten, eta enpresarekin berarekin bide bat adosten, proiektuari etorkizun bat emateko".
Baina, horretarako, "akordio sozial handi bat" behar dela nabarmendu du Ramirezek, eta aipatu egin ditu Arabako Ekonomialarien Elkargoaren hitzak, esanez "gatazka handiak dituen eskualdearen irudia txarra dela talentua eta atzerriko inbertsioak erakartzeko".
Ahaldun Nagusiak aipatu du mota horretako pertzepzioak "aspalditik" ari direla iristen Foru Aldundira. "Eskualdeko eta kanpoko eragile ekonomikoekin harreman asko izan dira, eta horietan sortu dira gogoeta horiek, batez ere Tubacexen gertatutakoaren ondoren", nabarmendu du agintariak, eta horregatik defendatu du eskualdean "lankidetzaren kultura" indartu behar dela.
Ahaldun Nagusiak Arabako Ekonomialarien Elkargoaren hitzak aipatu ditu, zeinek defendatzen duen "gatazka handiak dituen eskualdearen irudia txarra" dela "talentua eta atzerriko inbertsioak erakartzeko". Ramiro Gonzalezen hitzetan, horrelako gogoetak aspalditik ari dira iristen Foru Aldundira, "Tubacexen gertatutakoaren ondoren" batez ere.
Horri lotuta, duela 4 urte Eusko Lehenbiltzarrean Aiaraldeari buruz egin zen ponentzia ekarri du gogora Ahaldun Nagusiak, nabarmenduz bertan ondorioztatu zela beharrezkoa dela "komunikabideetan isla atseginagoa izatea eta sindikatu-, lan- eta gizarte-harremanak hobetzea, absentismoa eta enpresa handien deslokalizazio-mehatxua murrizteko". Bere hitzetan, ondorio horiek adostasun politiko zabala izan zuten, eta beharrezkoa da horri ekitea, "kontzentsu soziala" ere lortuta.
Elkarrekin Podemosen erantzuna
Elkarrekin Podemosek, bere aldetik, ikuspegi kritikoagoa zabaldu du Batzar Nagusietan Gonzalezek emandako azalpenak entzun ostean. David Rodriguez bozeramailearen hitzetan, Guardianek 2020tik darama Laudioko fabrika ixteko asmoekin, eta hori aurreikusi ez izana leporatu die erakunde publikoei orokorrean, eta Ramiro Gonzalezi zehazki.
“Gai larri baten aurrean gaude. Hau ez da urtarrilaren 21ean hasten, Guardianek itxiera iragarri zuenean; 2020an hasi zen, haizetakoen dibisioa salduta. Ordutik gaur arte sortu den proiektua da. Arabako Batzar Nagusietan abisatu genuen, eta orain denborak arrazoia eman digu”, nabarmendu du alderdi moreko ordezkariak.
Horren aurrean, Rodriguezek "babes osoa" helarazi die Guardianeko langileei eta "enpresaren itxierak zuzenean edo zeharka kaltetutako pertsona guztiei". Horri lotuta, Elkarrekin Podemosek kideek aipatu dute ostiralean Laudion eginiko mobilizazioan parte hartu zutela, eta egingo diren hurrengo ekimen guztietan ere egongo direla.