"Eskualde ekimena" egingo du SOS Aiaraldeak datorren martxoaren 15an Gasteizen. Guardianen itxiera mehatxuaren testuinguruan kokatu dute deialdi berri hori, baina ez dute horretara mugatu nahi izan: Aiaraldean ematen ari den "etengabeko enplegu suntsiketa" salatzea izango da helburua, eta "horren aurka jarduteko konpromiso irmoa exijitzea" instituzio publikoei, "Guardianen itxiera mehatxutik abiatuta".
Autobusak eskualdetik
Antolatzaileek autobusak antolatu dituzte eskualdetik jendea bertaratu dadin. 10:30ean abiatuko dira Laudiotik, 10:40ean Luiaondokotik eta 10:50ean Amurriotik.
Ondorengo tokietan eman daiteke izena eserlekua erreserbatzeko:
- Orozko: Itxina taberna
- Laudio: Ilargi eta Keska tabernak
- Urduña: Ederki urdategia
Bestela ere, 645 96 59 20 telefonoan eman daiteke izena, izen abizenak Whatsapp bidez bidalita.
Astelehen honetan aurkeztu du Guardianen zuzendaritzak Laudioko fabrikako 171 beharginak kaleratzeko espedientea. Horren aurrean, hainbat mobilizazio deitu ditu Enpresa Batzordeak, martxoaren 15eko zitara atxikitzeaz gain. Bihar (hilak 6) Arabako Batzar Nagusien aurrean egingo dute elkarretaratzea, 11:00etan. Datorren asteko astelehenean, aldiz, lantegi aurrean egingo dute protesta, ordu berean, zuzendaritzaren eta langileen ordezkarien arteko bilerak iraun bitartean.