Loraldia jaialdiaren edizio berria indarrean dago jadanik eta Aiaraldea Komunikabideak dozenaka sarrera zozkatuko ditu. Euskara proposamen garaikide eta abangoardistekin uztartzen du egitasmoak eta horretarako Euskal Herriko hainbat sortzaile ditu bidelagun, bai musikan, literaturan, antzerkian, dantzan edota bertsotan.
Komunikabideak eskura jarriko duen sarrera parea Mila esker, Jonan Ordorika musika emanaldiarena izango da. Ordorika euskal musikaren izen garrantzitsua da, Angel Katarain eta Amaia Apaolazarekin grabazio estudioa ireki baitzuen 1991n. Soinu teknikari ospetsua zen eta Hiru Trukuk, Anarik, Mice-Miren Narbaizak, Rafa Ruedak eta Tapia Ta Leturiak omenaldia egingo diote Arriaga Antzokian asteazkenean 19:30ean.
Aiaraldeak irakurleen esku jarriko dituen hurrengo sarrerak Ots dantza ikuskizunarenak izango dira. Haatik dantza konpainiak Herri Gogoa disketxearen omenez sortutako lana da hori. Larunbatean izango da hitzordua 20:00etan Euskalduna Jauregian.
Igandean Post_Etorkizuna ikuskizunaren txanda izango da. Ariketa horretan Edorta Jimenez idazlearen testu batek balioko du Rafa Ruedaren musika, Amaia Agirreren gaiak eta Ane Labaka eta Oihana Aranaren bertsoak nahasteko. 12:30ean arituko dira Guggenheim Museoan.
Janire Etxabe
Martxoaren 18an Janire Etxabe arrankudiagarrak izango du protagonismoa. Atxine dantza bertikalean oinarritutako performancea eramango du Campos Eliseos antzokira, 19:30ean.
Martxoaren 20an, aldiz, musikak izango du protagonismo osoa Pause kontzertuarekin. Sociedad Filarmónica de Bilbaon izango da 19:30ean. Xabi Zeberio da proiektu horren lemazaina, nyckelharpa, biola eta biolina eskuetan. Inar Sastre, aldiz, pianoan arituko da, Eñaut Zubizarretak celloari ekingo dio eta, bukatzeko, Aitor Etxebarria, musika garaikidean maisua, teklatu bidezko soinu diseinu eta elektronikaren gidaria izango da.
Hurrengo egunean Idoia Tapiak eta Bloñ Euskal Herriko Iparraldetik etorriko den taldeak oso bestelako piezak aurkeztuko dituzte Bilboko Itsas Museoan. Tapiak performancea eramango du eta Bloñ taldeak, aldiz, kontzertua.
Nerea Ibarzabal, Sustrai Colina eta Uxue Alberdi
Hurrengo egunean, martxoaren 22an, leku berean, bertsoa nagusituko da Consonni bertso saio espekulatiboak bertsolaritza ariketaren bidez. Nerea Ibarzabalek, Sustrai Colinak eta Uxue Alberdik kantatuko dute 20:00etan.
Judit Neddermann, Izaro, Olatz Salvador
Aste hori amaitzeko, Judit Neddermannek jarriko du urrezko itxiera, kontzertua eskainiko baitu Izaro, Olatz Salvador, Maren eta Idoia eta Bea Asurmendi euskal abeslariekin. Guggenheim Museoan izango da zita martxoaren 23an, 12:30ean.
Martxoaren 25ean Unai Elorriaga idazlea eta Josu Aurrekoetxea musikaria izango dira indarrak batuko dituztenak Odola Kantari ikuskizunarekin. Itsasmuseumen izango da emanaldia 19:30ean.
Bi egun geroago Audience eta Belharra taldeek Bob Dylan Gurea kontzertua taularatuko dute, bakarlari estatubatuarra omentzeko. Campos Eliseos Antzokian izango da zita 19:30ean.
Aiaraldea Komunikabideak zozkatuko dituen azken sarrerak Zizindurrukarratz filmarenak izango dira. Oskar Alegria zuzendariak bere herriko artzainek mendira egiten zuten transhumantzia bidea berreskuratzeko saiakera grabatu zuen pelikula horretan. Emaitza martxoaren 28an ikusi ahalko da EHUko Bizkaia Aretoan, 19:30ean.