25 millioi euro banatu nahi ditu Tubacexek aurten akziodunen artean, iaz 22,9 milioi euro irabazi ostean

Txabi Alvarado Bañares 2025ko mar. 11a, 19:54

Jesus Esmoris Tubacexeko kontseilari delegatua eta Manuel Moreu presidentea, iazko akziodunen batzarrean. / Eldiario.es

767,5 milioi eurotan baloratutako salmentak egin zituen multinazionalak iaz, eta 1.600 milioi eurotan baloratutako enkarguak ditu egiteke.

Emaitza oparoak utzi zituen 2024. urteak Tubacexentzat. Aiaraldeko multinazionalak 767,5 milioi eurotan baloratutako salmentak egin zituen, eta 22,9 milioi euroko irabazi garbia lortu zuen horrela.

Konpainiak nabarmendu du iaz pilatu zuen EBITDA (zerga eta interesak aplikatu aurretik geratzen den emaitza) bere historiako bigarren altuena izan zela, eta horrek bere "pozisionamendu estrategikoa" eta "erresilentzia" indartzen dituela "merkatuaren testuinguru konplexuan". 

Horrez gain, Tubacexeko buruek nabarmendu dute eskaera zorroa "2023ko errekorrean" mantendu dela aurten ere, 1.600 milioi eurotan baloratutako enkarguak pilatuta.

Gauzak hala, urte honetarako aurreikuspenak positiboak dira enpresa taldearentzat, berriro ere "errekor urtea" izango dela uste baitu, "eta baita 2026a ere". 

Konpainiak nabarmendu du Abu Dabin eraikitzen ari diren fabrika berriak eragina duela emaitzetan, 1.000 euroko eskaera handi bat lortu baitute proiektu horrekin. Horri lotuta, azaldu dute lantegi hori eraikitzeko egin behar izan duten inbertsioak ekarri duela 2024ko irabaziak txikiagoak izatea, baina nabarmendu dute horiek "ezohiko faktoreak" direla, eta eginiko inbertsio horien lehen emaitzak aurten eta datozen urteetan ikusiko direla. 

Egoera hori ikusita, akziodunen artean 25 milioi euro banatzea proposatu du Tubacexeko zuzendaritzak. Akziodunen batzarrera eramango dute proposamena, bertan onartu dadin. 

Langileen soldatak, 2021tik izoztuta

Gauzak hala, oso urrun geratu dira Tubacexek Aiaraldeko 150 langile kaleratzeko 2021ean erabili zituen argudioak. Hala ere, langileen lan baldintzak berriro egongo dira mahai gainean aurten, lan hitzarmena berritzeko negoziazioak abiatu baitituzte.

Gogoratu beharra dago beharginek 2021tik daramatela soldatak izoztuta, hori adostu baitzuten enpresarekin greba mugagabearen amaieran, 150 lankideak berronartzearen truke.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide