Tubacexek Arabiar Emirerrietako filialaren kapitalaren %51 saldu du

Aitor Aspuru Saez 2024ko ira. 20a, 18:42

Arabiar Emirerri Batuetan operazioak garatzen jarraitzen du Aiaraldeko multinazionalak. / Tubacex

Abu Dhabi National Oil Companyk erosi du enpresaren zati hori. Aurten ere 139 milioi euroko salmenta egin zuen Abu Dhabiko amaiera eta hariztaketa negozioaren truke.

Ekonomiaren esparruan lanean ari diren zenbait hedabidek jakinarazi dute Tubacexek NTS Amega Global enpresaren kapitalaren %51 saldu duela. Konpainia hori multinazionalaren filiala da Arabiar Emirerrietan eta, antza, Abu Dhabi National Oil Companyk (ADNOC) erosi du. Dirudienez, operazioa Alpha Dhabi Holding funtsaren bitartez egikaritu dute. Funts hori NTS Amega Globalen sartu zen iaz.

Momentuz, ez dago informaziorik salmentaren prezioari buruz, baina gogoratu beharra dago NTS Amega Globalek Arabiar Emirerrietan ez ezik, beste sei herrialdetan ere dituela lantegiak, Norvegian, Ameriketako Estatu Batuetan edota Kanadan, besteak beste.

Argitu gabeko beste puntu bat da nola bateratuko den operazio hau maiatzean Mubadala Investment Companyri egindako salmentarekin. Salmenta horretan, Abu Dhabin eraikiko duten lantegiaren %49 erosi zuen Arabiar Emirerri Batuko funts subiranoak, 138 milioi euroren truke.

Tubacexek, antza, azpimarratu du erabaki horiek enpresako 2027 urterako planarekin lotuta daudela. Estrategia horren azken helburua da 1.200 eta 1.400 milioi euro arteko fakturazioak lortzea, eta horretarako bazkideen bila aritu dira.

Azkenik, aipatu behar da ADNOC badela ere Tubacexeko bezero nagusiena Arabiar Emirerrietan. Izan ere, 10 urteko kontratua sinatu dute 30.000 altzairu tona ekoizteko berarentzat.

Tubacexeko zuzendaritzak azaldu zuen uztailean, bere ustez, Abu Dhabiko lantegiak eta kontratuak lan gehiago erakarriko dutela Aiaraldera, baina enpresa batzordeak zuhurtziaz hartu du han eraikitzen ari diren lantegiaren proiektua.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide