Ezer baino lehen, zuen buruak aurkezterik izango zenukete?
Aitor Mate Martinez: Bai. Nire izena Aitor Mate da. Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko bazkidea naiz, eta proiektu polit, berritzaile eta zoro honen koordinatzailea. Balio sozialaren monetizazioaren ikerkuntzan murgilduta nago, eta hori kooperatiban nola aplikatu ahal genuen aztertzeari ekin nion.
Auditorea naiz Eusko Jaurlaritzako fundazio eta elkarteen arloan. Ikuspuntu horretatik, askotan ikusten nuen kontabilitate tradizionalak ez duela islatzen kooperatiba baten balio soziala, eta horregatik animatu nintzen Aiaraldea Kooperatiba Elkartean balio hori monetizatzera.
Leire San-Jose Ruiz de Aguirre: Leire San-Jose naiz, Euskal Herriko Unibertsitateko katedraduna, finantza arloan aditua. Hamabost urte baino gehiago daramatzagu enpresen balio soziala neurtzen. Eurotan neurtzen dugu bereziki, eta Global Economic Accounting elkartean gaude horretarako, beste hainbat unibertsitate, kontsultore, preskriptore edota enpresekin batera.
Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen balio soziala neurtzen aritu zarete. Zer nolako prozesua izan da?
A.M.M.: Prozesu luzea izan da. Nire semeak hiru urte ditu dagoeneko eta hau bada nire bigarren semea (barreak). Bromak alde batera utzita, urtebete baino gehiago eman dugu prozesu honetan. Talde finko bat eratu behar izan dugu kooperatiban lan hau aurrera ateratzeko.
Oso metodo kontrastatua dago. EHU, Deustuko Unibertsitatea eta beste hainbat unibertsitate buru belarri sartu dira proiektu honetan. Hirurehun erakunde baino gehiagok egin dute euren balantze sozialaren monetizazioan.
Bide orri hori da Aiaraldea Kooperatiba Elkartean aplikatu duguna. Lehenik eta behin, kooperatibaren stakeholder edo interes taldeen mapa osatu dugu, identifikatzeko nortzuei sortu diegun azken urteetan balio sozial bat. Hori hausnartu eta mapa osatuta elkarrizketak egin ditugu interes talde horietako bakoitzarekin, 22 baino gehiago. Galdetu diegu zer balio sortu dien Aiaraldea Kooperatibak, zer gertatuko litzatekeen Aiaraldea Kooperatiba existituko ez balitz, zer balio-aldagai nabaritzen duten proiektuak sortzen diela, eta non sortzen duen balio soziala. Horri lotuta eraman dugu aurrera gure proiektua.
Urtez urte, kooperatibako hainbat bazkidek urteko kontuak irakurtzen genituenean ikusten genuen, gastu eta diru-sarreren artean ez zeudela proiektuak sortutako beste balio sozial eta kulturalak. Euskararen normalizazioaren alde emandako urrats guztiak ez dira urteko balantze ekonomiko tradizionalean jasotzen.
"Adibidez, eskualdeko hainbat eta hainbat eragilek euren ikusgarritasuna handitzen dute Aiaraldea.eus atariari esker, edota Faktorian hainbat eta hainbat kultur ekitaldi edota tailer egiten dira… eta horiek guztiak ez daude kontabilitatean erregistratuta"
Argi eta garbi, kooperatibaren jarduerak berak balio bat sortzen du, monetizatzen erraza dena. Baina uste genuen kontabilitatean jasota ez zegoen horretan jarri behar genuela gure indar guztia.
Adibidez, eskualdeko hainbat eta hainbat eragilek euren ikusgarritasuna handitzen dute Aiaraldea.eus atariari esker, edota Faktorian hainbat eta hainbat kultura ekitaldi edota tailer egiten dira… eta, musutruk edo prezio sinboliko batean egiten diren heinean, ez daude kontabilitatean erregistratuta. Horregatik, balio sozial guzti hori ikustaraztea zen gure egitasmoaren helburua, aztertu, monetizatu eta kooperatibaren beraren estrategian txertatu ahal izateko.
Zeintzuk dira elkarrizketatu dituzuen interes talde horiek?
L.S.R..: Kooperatibak baditu helburu batzuk. Helburu horien eragina jasotzen duten guztiak dira stakeholderak. Pertsonak dira, azken finean.
A.M.: Aipatu bezala, stakeholderen mapa osatu genuen eta bertan identifikatu genuen nortzuei sortzen genien balioa. Hor sartzen dira bazkideak, errektore kontseiluko kideak, langileak, erabiltzaileak, entitate bankarioak… eta, nola ez, komunikabidearekin eta Faktorian egiten diren ekintza guztiekin lotutakoak: hezkuntza komunitatea, kirol eta kultur elkarteak, eragile sozialak, mugimendu feminista, hizkuntzaren normalizazioarekin lotutako mugimendu guztiak… elkarrizketa sakonak egin ditugu horiekin guztiekin eta modu horretan atera ditugu balio sozialaren zehaztapen guztiak.
Elkarrizketa horien bidez hogei aldagai baino gehiago identifikatu dira. Ikusgarritasuna da horietako bat, hainbat eta hainbat kirol zein kultura eragilek Aiaraldea Komunikabideari esker duten ikusgarritasuna.
"Aiaraldea Kooperatiba Elkarteari esker sortu da marka bat eskualdean, eta hainbat eta hainbat herriren arteko lotura eragin du horrek. Geografikoki toki ezberdinetan egon arren, sortu den marka horri esker nabaritzen dugu denok eskualde baten parte garela"
Bestalde, Aiaraldea eskualdeko marka sortu izana ere jarri da balioan. Aiaraldea Kooperatiba Elkarteari esker sortu da marka bat eskualdean, eta hainbat eta hainbat herriren arteko lotura eragin du horrek. Geografikoki toki ezberdinetan egon arren, sortu den marka horri esker nabaritzen dugu denok eskualde baten parte garela.
L.S.R.: Behin aldagai horiek aztertuta, eurotara pasatzeari ekin genion. Horretarako, proxy-ak erabiltzen ditugu. Neurgailu batzuk ditugu, output-ak, eta horiek baliatzen ditugu eurotara pasatzeko.
Kasu batzuetan, neurtutako aldagaiak badaude jada merkatuan, beste norbaitek ere eskaintzen dituelako eta balio bat ematen dielako. Beste kasu batzuetan, dagokion sektorea da balioa ematen diona, eta beste batzuetan analisi sakonago bat behar dugu, ikusteko ea zer aldagaiek duten eragina eta erabakitzeko zein izango litzatekeen bere balioa eurotan.
A.M.M..: Adibidez, proxy bat lortu dugu tokiko eragileei sortutako balioaren inguruan. Kalkulatu dugu Aiaraldea Komunikabideak zenbat eduki argitaratu dituen aipatutako interes-talde edo stakeholder horietako bakoitzarekin, eta baita eduki kopuru hori publizitatearen balio-merkatuan zenbateko prezioan ordainduko litzatekeen ere. Hori proxy bihurtuta kalkulatu dugu eragile horietako bakoitzari sortutako balioa.
Beste adibide bat jartzearren: Faktorian urte osoan zehar zenbat tailer ordu eman diren kalkulatu dugu, eta gero merkatuan begiratu dugu zenbat ordaindu beharko litzatekeen ordu horietako bakoitzarengatik.
“Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak sortzen duen balio emozionala ezin izan dugu eurotara ekarri”
Dena den, egon dira monetizatu ezin izan dituzuen hainbat arlo, ez?
A.M.M.: Bai. Bidean topatu ditugu zailtasunak. Badaude hainbat balio-aldagai ezin izan ditugunak monetizatu. Balio emozionalak dira horietako batzuk. Aiaraldea Kooperatiba Elkartea ulertzen da pluraltasunean, demokrazia sozialean eta hainbat eta hainbat esparrutan aitzindari bezala. Jende asko familia baten parte sentitzen da Aiaraldea Kooperatiba Elkarteari esker, ahaldundu egiten dira langileak, bazkideak, erabiltzaileak… horietako balio asko eta asko ezin izan ditugu monetizatu. Beraz, erronka handia dugu aurretik, balio horiek guztiak eurotara bihurtzeko.
Zer ondorio nabarmenduko zenituzkete eginiko azterketatik?
A.M.M.: 2,8 milioi euroko balio sozial integratua sortu du Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak. Bere kontabilitatean erregistratuta dituen balioetatik harago, 1 milioi euroko balio soziala eratu du, kontabilitate tradizionalean erregistratuta ez dagoena. Aiaraldea Kooperatibak 200.000 euro inguru jaso ditu azken urteetan dirulaguntza publikoen bidez, baina emaitzak oso positiboak izan dira alde horretatik ere, errentagarritasun soziala lortu delako. Emaitzek erakusten dutenez, Aiaraldea Kooperatiba elkarteak 3 euroko ekarpena egin die administrazio publikoei jasotako euro bakoitzeko. Dirulaguntza publiko horiek Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen sarrera guztien %20a suposatzen dute. Hau da, jasotako euro publiko bakoitzeko lau sortu ditu entitateak.
Baina, horretaz gain, jasotako euro bakoitzeko 11 euroko ekarpena egin dio Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak gizarte osoko interes-talde ezberdinei.
"Jasotako euro bakoitzeko 11 euroko ekarpena egin dio Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak gizarte osoko interes-talde ezberdinei"
Interes-taldeei sortutako balio sozial hori nora transferitu den analizatzen badugu, ikusi daiteke 2,8 milioi euroko balio sozial integratuaren % 26a administrazio publikoei transferitu zaiela, %22a euskararen normali-zazioaren aldeko mugimenduari, eta %12a, aldiz, langileei.
L.S.R.: Hori guztia ikusita, zer ondorioztatu dezakegu? Ba horrelako kooperatibetan oso garrantzitsua dela horrelako prozesuak barneratzea, ez bakarrik zenbaki ikusgarri bat lortzen dugulako erakusten duena zer indar duten kooperatibek merka-tuan zein merkatutik kanpo, baita ere balio duelako birpentsatzeko zeintzuk izan daitezkeen koopera-tibaren helburu eta eginkizunak, eta hori islatu egiten dugulako. Komu-nikaziorako garrantzitsua izango da, baina baita estrategiarako ere, etorkizunean ere balio sozial handiagoa lortzeko.
Hainbat enpresa eta erakunderekin egin dira antzeko azterketak. Zer nabarmenduko zenukete Aiaraldea Kooperatiba Elkartearen kasuari dagokionez?
A.M.M.: Gure kalkuluak argi eta argi erakutsi du Aiaraldea Kooperatiba Elkartea komunikabide bat edota enpresa bat baino askoz gehiago dela. Zenbakitara ekarri ditugu sortutako balio sozial guztiak. Oso garrantzitsua da baita ere nabarmentzea prozesuak berak gauza asko irakatsi dizkigula. Stakeholder guztiak motibatu eta inplikatu ditugu, galdetu diegu zerk sortzen dien balio soziala eta, perspektiba horretatik, oso aberasgarria izan da.
Gainera, ikusi dugu posible dela Aleak, Goienak eta Berriak egin zuten bide berriari eutsi eta eurek aplikatutako parametroak beste proiektu batzuetan aplikatzea.