Aiaraldeko pentsiodunek kanpaina abiatuko dute Arabako Foru Aldundiak Usansoloko ospitalera joateko autobusa berehala jar dezan

Erredakzioa 2025ko api. 14a, 16:30

Aiaraldeko pentsiodunek eginiko agerraldi baten irudia. / Aiaraldea.eus

Erretiratuek uste dute tarte nahikoa eman diotela foru gobernuari eta zerbitzu hori ahalik eta lasterren ezarteko exijitu dute.

Aiaraldeko pentsiodunek iragarri dute berriro hasiko dutela kanpaina Arabako Foru Aldundiak autobus zerbitzu zuzena ezarri dezan eskualdetik Usansolo ospitaleraino. Iragarpena foru erakundearekin izandako zenbait elkarrizketen ondorioa izan da.

Berez, duela bi urte hasi ziren aldarrikapena plazaratzen eta ez daude pozik foru erankudearen lanarekin. Zehazki, garraio publiko hori martxan egon dadin duela urtebete onartu zuten mozioa Arabako Batzar Nagusietan, baina, momentuz, ez dago autobusik ibilbide hori egiten.

Gauzak horrela, martxoan urtebete bete zenez testua onartu zenetik, Aiaraldeko pentsiodunak Mugikortasun Diputatuarekin jarri ziren harremanetan eta jasotako mezua ez zuten gogoko izan. Hain zuzen, diputatuak erantzun zuen aste edo hilabete batzuetan zehaztuko duela proposamena. 

PPren galderak

Erretiratuek ez ezik, PPk ere galdetu zion Arabako Foru Aldundiari zein zen autobus zerbitzua ezartzeko kronograma. Gobernuak erantzun zuen lanean ari direla urtea amaitu baino lehen garraioa funtzionamenduan egon dadin, baina ezin zuela datarik zehaztu.

Halaber, erantzunean Arabako Foru Aldunduak argitu zuen aurreikusitako 500.000 euroko aurrekontua 200.000 eurokoa izango dela aurten.

Pentsiodunen kritikak

Alderdi popularrari emandako informazioak ez ditu baretu eskualdeko erretiratuak, zeintzuek azpimarratu duten ez dakitela zer ari den aztertzen Foru Aldundia. Bide batez, argi utzi dute euren aldarrikapena dela zerbitzu berria eta zuzena egotea Usansolora, ez beste batzuk aldatzea edo egokitzea. Hau da, orain arteko zerbitzuek ez dutela aldaketarik edo murrizketarik izan behar.

Horrez gain, azpimarratu dute nahikoa itxaron dutela jadanik eta 2025ean indarrean egon behar dela garraio sistema hori "bai ala bai".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide