Aiaraldetik Usansoloko Ospitalera joateko autobus zuzena urtebeteko epean ezartzea onartu dute Arabako Batzar Nagusietan

Txabi Alvarado Bañares 2024ko mar. 14a, 08:18

Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduak urtebete baino gehiago darama autobus zerbitzua eskatzen. / Aiaraldea.eus

Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuten, eta PPk beste bat. Azkenean, bi testuak bateratu eta alde bozkatu zuten hiru talde politikoek.

Aiaraldetik Usansolo Ospitalera joateko autobusaren eztabaida Arabako Batzar Nagusietara itzuli zen atzo. Elkarrekin Podemos eta EH Bildu taldeek mozio bat aurkeztu zuten zerbitzu hori urtebeteko epean ezartzea eskatzeko, Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduak eskatu bezala. PPk beste mozio bat aurkeztu zuen bere aldetik, eskaera berdinarekin. Gauzak hala, bi testuak bateratu eta alde bozkatu zuten hiru talde politikoek, testuaren onarpena bermatuz. EAJ eta PSE-EEk, aldiz, aurka bozkatu zuten. 

Soka luzea ekartzen ari da Aiaraldetik Usansoloko Ospitalera joateko autobus zerbitzuaren eztabaida. Aiaraldeko pentsiodunek duela urtebete ekin zioten aldarri hori jendarteratzeari, eta mozioak aurkeztu zituzten eskualdeko Udaletan. Eztabaidak Arabako Batzar Nagusietara egin zuen salto gero, eta ibilbide gorabeheratsua izan du bertan. EAJk otsailean iragarri zuen aurten jarri zuela zerbitzua martxan, horretarako azterlan bat egin ostean.

Baina pentsiodunek prentsaurrekoa egin zuten handik bi astera, eta salatu zuten alderdi jeltzaleak promesa hura ezabatu zuela, Arabako Foru Aldundiaren Mugikortasun Batzordean aurkeztutako testuari emendakina eginez. Hori dela eta, "engainatuta" sentitu zirela salatu zuten erretiratuen mugimenduko kideek, eta azken testu bat igorri zieten Batzar Nagusietan ordezkaritza zuten taldeei. Horren ostean etorri da atzoko plenoan onartutako mozioa. 

Elkarrekin Podemosen balorazioa

Elkarrekin Podemosek oharra plazaratu du mozioaren onarpenaren balorazioa egiteko. Koalizioaren aburuz, EAJren eta PSE-EEren "konpromiso eta borondate faltagatik" ari da luzatzen gaia. Oposizioko batzarkide talde horretako David Rodriguezen arabera, "borondate kontua" da autobus linea berria ezarri ahal izatea, "atzetik datorrena eta konponduta egon beharko lukeena". Era berean, duela urtebete Elkarrekin Podemosekin lortutako akordioa ez betetzea leporatu die Rodriguezen Foru Aldundiko gobernuan dauden bi alderdiei, eta "koherentzia" eskatu die duela urtebete bozkatutakoarekin. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide