JUGATX GOMEZ

"Modelajeak, dantzak eta ilustrazioak denboraren kontrola eskatzen dute"

Aitor Aspuru Saez 2025ko api. 22a, 15:45

Jugatx Gomez Amurrion egindako desfile batean. / Izan Amurrio

JUGATX GOMEZ (Laudio eta Amurrio, 2001) modeloa, dantzaria eta ilustratzailea da. San Prudentzio jaietako kartel lehiaketa irabazi du gazteen kategorian eta aukera baliatu du diziplina anitzei buruz mintzatzeko.

Oso emaitza positiboak lortu dituzu Arabako Foru Aldundiak antolatzen duen San Prudentzioko kartel lehiaketan, ezta?

Bai, iaz saiatu nintzen, baina arazo bat izan nuen Correosekin eta ezin izan nuen parte hartu. Aurten izan da, hortaz, lehen aldia eta aukeratua izan naiz. Deitu zidatenean esateko irabazi nuela gazteen kategorian, ezin nuen sinistu. Aho bete hortz geratu nintzen. 

Aipatu zidaten epaimahaiak baloratu zuela kokapena, koloreak, zer komunikatzen zuen eta hautatua izan nintzela. Gazte kategorian parte hartu nuen artearekin harremana duen diziplina baten ikaslea naizelako. Nik ilustrazioa ikasten dut eta kartel hau iaz sortu nuen ariketa batean IDarten. Ohikoan trebatzen zaituzte lehiaketetan parte hartzeko.

Zein da kartelaren mamia?

Kartelean ikusten dira bi dantzari modu oso dinamikoan. Euskal dantzariak dira eta neskak mutil baten arropa darama eta mutilak neska batena. Orain apur bat aldatzen ari da, baina txikitatik esaten digute arrosa neskena dela eta mutilena urdina eta hori iraultzea erabaki nuen aurreiritzi horiek kentzeko.

"Kartelean dantzarien jantziak aldatu ditut. Neskak jantzi urdina darama eta mutilak arrosa"

Horri gehitu nion mugimendua eta poza, jaiak horretarako baitira eta hori transmititu nahi nuen. 

Arrosa eta urdinari nolabaiteko armonia emateko berdea hautatu nuen. Izan ere, Gasteizi Green Capital deitzen diote. San Prudentzioko eliza ere gehitu nuen eta baita suziriak ere, jaiak hasi direla adierazteko. 

Kartelaren lema da erritmoa ez da eteten. Ni ere dantzaria naizenez, jaietan dantzak hasten direnean, erritmoa ez da gelditzen ospakizunak amaitu arte. 

Nire asmoa zen simetria eta armonia erakustea elementu gutxirekin.

Emaitza hau ikusita, lehiaketa gehiagotan parte hartzeko asmoa duzu?

Saiatuko naiz Amurrioko jaien kartel lehiaketan, Laudiokoan eta Bilbokoan ere parte hartzen. Nire hurrengo proiektua da Apila argitaletxearen nazioarteko lehiaketan aritzea. Umeen ipuinetan adituak dira eta nik bi sortu ditut. Bat ilustratu eta aurkeztuko dut. Dena egin dut: testua idaztea, maketazioa eta ilustrazioa.

Zein izango litzateke zure amets profesionala?

Pilo ditut. Bide askotik jo dut profesionalki, modelajea, adibidez, baina modelo izatea ez da betiko. Dantzan ere sartuta nago, akademia batean irakaslea naiz, ekimenetan parte hartzen dut... 

Diseinu grafikoan epe luzera pentsatzen dut. Momentuz, Javier Barroeta Bilboko diseinatzaile famatuaren atelierran egin ditut praktikak eta modako ilustrazioa egin dut. Berez, arroparako zein muralak sortzeko diseinuak egiten ditut, jendeak jakin dezan.

Ilustrazioan ba al duzu erreferenterik?

Oso gogoko dut Ricardo Cavolo. Zaragozan ikusi nuen Apilak antolatutako topaketetan eta oso hurbila iruditu zitzaidan.

Bere bizitzaz hitz egin zuenean izugarria iruditu zitzaidan. Azaldu zuen nola egin dezakezun gora. Bera oso txarto zegoen bere bizitzarekin eta bere lanarekin, egin zituen lan pilo baina ez ilustraziokoak.

"Ilustrazioan putzuan eror zaitezke, baina gero gora egin"

Azkenean, Cirque du Soleilek eskatu zion kartela egitea eta izarra bilakatu zen.

Iruditu zitzaidan putzuan eror zaitezkeela, baina gero gora egin.

Modelajean zein da zure esperientzia?

Iaz egon nintzen Getxo Modan eta Bilbao Centro elkartean ere egiten dut lan. Argazki modeloa ere banaiz. Horretarako ikasi nuen Bilboko agentzia batean. Erakutsi zidaten nola egin, nola desfilatu, nola izan behar duzun gorputza.

"Edertasun lehiaketetan probatu nuen, baina ez nuen gogoko izan, ez dago edertasun kanon bakarra. Ezin duzu jendea katalogatu"

Probatu nuen edertasun lehiaketetan, baina ez nuen batere gogoko izan. Ez dago edertasun kanon bat, guztiok dugu gure izaera eta ezin duzu jendea katalogatu. Ezin duzu esan "hau ederragoa da", guztiok daukagu aurpegia, gorputza... 

Nolakoa da modeloaren lana?

Ohikoan toki batzuetara joan behar zara arropa probatzeko desfilea baino lehen. Desfilearen egunean badakizu non egongo zaren, zein diseinatzaile edo dendarekin, eta entsegua egiten da.

Desfilea hasten denean, errazago edo zailago izan daiteke. Lehen pasea egiten baduzu eta zure hurrengo txanda hirugarren pasea bada, korrika eta presaka aldatu behar duzu arropa. Laguntzaileak daude eta horrek errazten du.

Estresatzen zara apur bat, baina nik izugarri gozatzen dut. Jende ugari ezagutzen duzu.

Zein dantza mota egiten duzu?

Urbanoa, salsa eta batxata, reggaetoia, takoidun zapatekin (heels dance), garaikidea, rock´n rolla... Horretarako ikasi dut eta praktikak egin ditut. Urratsak eta klaseak nola eman ikasi dut.

Hiru diziplinen arteko harremana ikusten duzu?

Modelajeak badu zerikusirik dantzarekin: presentzia, nola jakin behar duzun egiten oholtzan edo pasarelan... Hirurek eskatzen dute denboraren kontrola, gauzak egin behar diren unean egitea. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide