Aldaketekin datoz San Prudentzioko erretretak Aiaraldera. Ikastetxeetako opor-egutegiak bete-betean eragingo du programazioan eta, ondorioz, ostiral honetan ez dute ikasleen danborradarik egingo ez Laudion ez Amurrion.
Hala ere, Ikastolako kideek bi bideo ekoiztu dituzte hezkuntza zentroan bertan, ostiral honetako gabezia konpentsatzeko:
Etxaurren Ikastolako ikasleek, aldiz, zitari eutsi diote, eta urteroko kalejira egingo dute astelehenen eguerdian Arespalditzan, Aiarako jaien egitarauaren barruan.
Igandean ohiko ekintzak Amurrio eta Laudion
Hala ere, San Prudentzio bezperako egitarauetan ez da aparteko aldaketarik egongo. Amurrion 19:30ean abiatuko dute kalejira igandean, Frontoi kaletik. San Anton plazan amaituko dute ibilbidea, eta barraskilo jana egingo dute bertan. Ondoren, berriro ekingo diote kalejirari, Juan Urrutia plazan amaitzeko.
Laudion, aldiz, gaueko hamarretan abiatuko dira Rakataplako kideak. Bi orduko ibilbidea egingo dute, gaueko hamabietan Herriko plazara iristeko. Dena den, hori baino lehen beste hainbat jarduera egingo dituzte egunean zehar.
Okondon, aldiz, astelehenean egongo da jai-giroa, San Prudentzio baselizan. Meza, hamaiketakoa eta igel txapelketa egongo dira eguerdian.
Bolatoki txapelketak
Aipatutako ekintzez gain, bolo jokoak ere izango du protagonismoa datozen egunetan, txapelketa eta jaurtiketak antolatu baitituzte Laudio, Tertanga, Aiara zein Okondoko klubek, San Prudentzioko ospakizunen testuinguruan.