Aiaraldea Ekintzen Faktoriak aktiboki parte hartuko du maiatzaren 15etik 25ra luzatuko den Euskaraldian. Horretarako, Arigune funtzioa beteko du Faktoriak, euskaraz lasai aritzeko espazio moduan. Horrez gain, ekimenaren banderak eta bestelako materialak eskuratzeko aukera ere dago Laudioko Industriagunean kokatutako pabilioian, espazioaren ohiko ordutegian; astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:30etara bitartean.
Modu horretan, Aiaraldea Ekintzen Faktoriak ekarpena egingo dio hizkuntza ohiturak aldatzeko hamar eguneko ariketa kolektiboari. Hala ere, nabarmendu beharra dago Faktoria euskararen arnasgunea dela eguneko 365 egunetan. Espazioaren barne funtzionamendu zein kanpo komunikazio guztia egiten da euskara hutsez, eta bertan antolatzen diren ekitaldiak ere euskara hutsez izaten dira. Horrez gain, hainbat irizpide eta dinamika daude indarrean pabilioi barruan, bertaratzen direnek hizkuntza irizpideak barneratu eta, modu horretan, arnasgune funtzioa betetzen dela bermatzeko.