Arabako Foru Aldundiak zentral eolikoak inposatzeko "eskumenak inbaditzen ari dela" salatu du Aiaraldeko Mendiak Bizirikek

Aitor Aspuru Saez 2025eko maiatzaren 27a

Hainbat udalerritan izango du eragina 'Mendi' proiektuak.

Herri plataformak adierazi du 'Mendi' zentral eolikoak Orozkon (Bizkaia) ere lurrak hartzen dituela eta plan bereziko onarpenerako aurretiko izapidea abiatzea agindu duela Arabako Foru Aldundiak.

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak salatu du Arabako Foru Aldundiak eskualdeko hainbat udali agindu diela aurretiko izapideak egitea Mendi eta Ferosca I zentral eolikoen plan berezien onarpenerako.

Taldeak azpimarratu du Mendi proiektuak Orozkoko udalerriko 300 hektareatan duela eragina eta, ondorioz, ez dela foru erakunde arabarraren eskumena horri buruz erabakitzea, Bizkaiko herria baita. Edonola ere, erakundeak ez du udalerri bizkaitarra aipatzen. Soilik Aiara eta Amurriori agintzen die ados jartzeko plana osatzeari begira.

Halaber, plataformak nabarmendu du Ferosca I zentral eolikoak Okondon ere hartzen dituela lursailak eta Aldundiak ez diola agindurik bideratu udalerri horri.

"Inposizioa" 

Plataformaren iritziz, Aldundiak egindako urrats berriak inposiziorako bidea jarraitzen du. Izan ere, Mendi zentral energetikoa Babes Bereziko lursailetan kokatu nahi dute eta sailkatze hori udalei dagokie.

Halaber, Aiaraldeko Mendiak Bizirikek azpimarratu du atzo Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratutako bi aginduak ez daudela lurralde antolamenduan oinarrituta: "Helburua da enpresa pribatuei erraztea lursail publiko eta pribatuen erabilera, Energia Berriztagarrien Lurralde Zati Plana ez baitago onartuta".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide