Orozko eta Arrakudiaga-Zolloko udalek eta Euskal Herriko Euskalgintzaren Kontseiluak zein Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak publiko egin dute prest dituztela bi tokiko erakundeen hizkuntza politikaren diagnostikoa.
Erakundeen eta elkarteen elkarlanaren emaitza izan dira dokumentuak. Iaz eta aurten jorratu ondoren, Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren Udal Garapena amaitu dute. Kontseiluen aburuz, agiriek agerian uzten dute bi erakundeen konpromisoa euskararen egoera hobetzeko eta, horretarako, indarguneak zein ahulguneak identifikatzeko aritu dira lanean.
Eragin esparruak
Agiriak hiru eragin eremu ditu. Barne mailan, udalen egoera aztertu dute eta kasu bietan hizkuntza politika planifikatu eta eraginkorra dagoela bermatzeaz gain, hobetzeko bideak proposatu dituzte. Arrankudiaga-Zollon, adibidez, barne formazioetan euskarazko eskaintza handiagotzea edota lanerako euskarri digitaletan euskararen presentzia bermatzea planteatu dute. Orozkori dagokionez, langile eta ordezkari gehienek euskara jakitetik, euskaraz lan egitera igarotzea proposatu dute, nagusiki.
Kanpo mailan, diagnostikoak iradoki du herritarrei egiten zaizkien iragarki eta adierazpenetan ez dagoela bermatuta euskararen presentzia. Halaber, planak ondorioztatu du eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko ez dagoela berariazko plangintzarik martxan, ez eta euskarazko sorkuntza bultzatzeko ekimen zehatzik ere. Arrankudiaga-Zollon, aldiz, azaleratu dute beharrezkoa dela euskarazko sorkuntza eta kultura bultzatzeko ekimenak sustatzea, merkataritza euskalduntzeko plangintzak garatzea edota hezkuntza ez-formalean euskarazko eskaintza bermatzea.
Herritarren ekarpenak
Diagnostikoen alde oso garrantzitsua izan da herritarren iritziak jasotzea. Horretarako saioak egin zituzten abenduan Oxinburun eta Blas de Otero Gizarte Etxean eta ondorioen berri eman dute.
Orozkon eragiteko lehentasunezko eremu modura, honako hauek nabarmendu ziren abenduaren 11ko bileran: etorri berrien harrerarako protokolo integral eta komunitario bat garatzea, kultur-programazioan euskararentzako kuota altuagoak ezartzea edota haur eta gazteentzako eskaintza euskara hutsean izan dadin lortzea, hezkuntza ez-formalean eta eskola kirolean entrenamenduak euskaraz izan daitezen neurriak jartzea, eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko erronka edota euskalgintzarekin elkarlanean sakontzea.
Arrankudiaga-Zollon eragiteko lehentasunezko eremu modura, aldiz, kale-erabilera nabarmendu zen, bertaratutakoen pertzepzioaren arabera, haur eta gazteen ezagutza maila ez delako erabileran islatzen. Horrekin batera, kulturaren alorrean, euskarari dagokion espazioa eskaintzeko beharra adierazi zen, kultur etxe berriak horretarako eskaintzen dituen aukerak baliatuz, adibidez. Zailtasun gehien aurkezten dituen alor modura, merkataritza eta ostalaritza sektoreak aipatu ziren eta euskararen erabilerarako gutxienekoak bermatzeko sentsibilizazio kanpainak egitea proposatu zen. Gauza bera eskola kirolean eta, bereziki, futbol taldean. Azkenik, euskalgintzarekin elkarlan jarraitua ezinbestekotzat jo zen eta herri mailan norbanako eta elkarteek euskaraz aritzeko konpromisoa har dezaten ekimenak bultzatzea ere proposatu zuten.
Diagnostikoen oinarria
Arrankudiaga-Zollo eta Orozkoko Udalek (eta aurretik Laudiokoak ere) sinatutako agiria Europa mailan garatu zen Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokolotik sortua da.
Hizkuntza berdintasunaren alde eta desabantaila egoeran dauden hizkuntzen garapena bermatzeko dokumentua da aipatutako protokoloa. Europako 30 hizkuntza komunitatetako 120 eragileren
babesarekin eta Batzorde Zientifiko baten aholkuekin osatu zen.
Hizkuntza-politiken alorrean inoizko adostasunik handiena lortu duen dokumentua da, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatu daitezen hartu beharreko gutxieneko 185 neurri jasotzen dituena.