ERREPORTAJEA

Musika jaialdiak aurrez aurre: nork pizten du festa?

Maider Ramirez Martin 2025ko mai. 30a, 14:16

Orozko Rock jaialdiak iragan astean eman zion amaiera bost edizioko ibilbideari. / Aiaraldera.eus

Iragan larunbatean esan zien agur Orozko Rock jaialdiak bost urtez bidelagun izandako musikazaleei. Asteburu honetan, ordea, Aiara Fest festibala estreinatuko da Amurrion. Musika ipar, jarduteko modu oso bestelakoak dituzten bi eredu dira, eta azkenaldiko protagonista bilakatu dira eskualdean. Orozko Rockeko Josu Amundarainekin eta Aiara Festeko Chiki Lorarekin mintzatu gara, eszenatokien atzealdean ezkutatzen dena hobeto ezagutzeko asmoz.

Musikak ez du sekula eszenatoki handirik behar izan ozen entzun dadin. Ez hemen, etxetik gertu, ez beste inon. Kontzertu eta jaialdiek hamarkadak daramatzate ospakizun zein aldarrien adierazpide izaten, plazak, frontoiak, zelaiak eta gaztetxeak dardarka jartzen, argi-foku eta bafleen artean komunitatea egiteko baldintzak sortzen. 

Kulturaren eta, bereziki, musikaren industria geroz eta sendoagoa den honetan, jaialdi eredu jakin bat izan da, ordea, han-hemenka erreproduzitu dena. Enpresek antolatutako eta erakunde publikoek babestutako kontzertu handiak gero eta ugariagoak dira, eta hiriburu handietara soilik ez eta herrietara ere heldu dira. Herrietara soilik ez, eta gure herrietara ere heldu dira. 

Aiara Fest musika jaialdia hartuko du lehenbizikoz Amurriok aste bukaeran, ostiral eta larunbatez. Orozko Rock-en azkenengo edizioaren ostean dator, hain justu, iragan larunbatean esan baitzioten agur duela zazpi urte jaiotako ekimenari. Lehen begi kolpean, Festak Rockari lekukoa hartzera datorrela irudi dezake, baina egiatan, abizena baino gehiago da bi festibalak ezberdintzen dituena. 

Modus operandia

Abizena baino gehiago, baina funtsean zera: egiteko modua. Izan ere, gisa eta garai bertsuan jaio ziren bata zein bestea, musika pasiotzat duten zenbait lagunen ametsak errealitate bihurtzean. 

2018an, ezer berezirik ez zuen ostiral batean, Orozkoko lagun kuadrilla bat mahaiaren bueltan trago batzuk hartzen ari zela piztu zen sugarra: “Inguruan musika ardatz zuen egitarau baten falta ikusten genuen: egun osoko programa bat eta musika protagonista, hori da guk aldarrikatzen genuena. Berotzen hasi ginen, geure buruei ‘zergatik ez?’ galdetzen”, kontatzen dute antolatzaileek. 2019ko maiatzaren 18an muntatu zuten lehenengo aldiz karpa Hegoaldeko aparkalekuan eta arratsaldetik goizaldera arte publikoak zortzi talde ikusi zituen oholtzan, 15 euroko sarreraren truk. 

Antzeko samarra da Aiara Festen jaiotza. 2018an ere, Chiki Lora abeslariari eta musika munduko bere hainbat laguni Amurrion edo inguruan festibal bat antolatzeko grina pizten hasi zitzaien: “Zerbait polita egin nahi genuen, gure gaitasunen baitan, gure kapitala jarriz, talde handiak ekarri, herriari ikusgarritasuna emateko. Ondoren pandemia heldu zen, eta erabat geldiarazi gintuen. Urteak igarota, geroz eta gogo handiagoa nuen nik, eta lagunak ikusten nituen aldiro honekin tematuta nengoen”. 2024an izan zen Chiki Lorak Sonde 3 enpresako zuzendari German Quimasori deitu zionean. Bere managerra izandakoa da Quimaso eta esperientzia handia du festibalen antolakuntzan: Benicassimeko SanSan Festival, Madrilgo Río Babel, edo Bueuko SonRias Baixas jaialdiez arduratzen da, besteak beste. “Ideia aipatu nion, asko gustatu zitzaion, eta ametsa egia bilakatu zen”.

“[Sonde 3] ez da inbertsioak besterik ez inporta zaion enpresa bat, beste jaialdi handi askotan ikusten ari den bezala”

Amurrioko Albizabal tabernako terrazan eserita gaudela aitortu du Chiki Lorak berarentzat garrantzitsua zela Quimasó eta Sonde 3ko taldearekin lan egitea: “Nik haien hastapenetatik ikusi ditut eta ondo ezagutzen ditut, eta badakit musikaren aldeko apustu handia egiten dutela eta ez dutela “modu putre” batean lan egiten. Musikalak eta gertukoak dira, humanoak. Ez da inbertsioak besterik ez inporta zaion enpresa bat, beste jaialdi handi askotan ikusten ari den bezala”.

Sonde 3ek esperientzia dosi handia jarriko badu ere, Aiara Zuzenean AIE enpresa osatzen duten hiru bazkideen kapitala da jaialdia muntatzeko inbertitutakoa, eta galera ekonomikoak egongo balira, hiruei eragingo liekete. Argi utzi nahi izan dute antolatzaileek Sonde 3 ez dela inbertsio funts hutsa, eta, alegia, modu aktiboan parte hartu duela ere jaialdiaren antolakuntzan.

Orozko Rockeko kideek, aldiz, ez dakite ez putreez ez inbertsorez. Behin ideia gauzatzen hasita, elkartea sortzea izan zen eman zuten hurrengo urratsa. 10-12 kidek osatzen dute, baina behin eta berriro nabarmentzen dute nori esker antolatu duten urtero jaialdia: “Topikoa dirudien arren, herriagatik izango ez balitz Orozko Rock ez litzateke posible”. Haien jaialdi eredua autogestioan oinarritzen saiatu dira, eta babesleek, hau da, herriko establezimendu eta bestelako eragileek ahal izan dutenarekin lagundu dute. Dirulaguntzak ere jaso izan dituzte Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren partez, baina inbertsore pribaturik ez dute bilatu: “Ez dugu filosofia horrekin lan egiten, baina gainera, guretzat gehiegi litzateke, ezingo genuke kudeatu. Hazten eta hazten bazoaz, arriskua dago beste eredu batean jausteko eta guk ez genuen hori nahi. Guk jaialdi herrikoi bat nahi genuen, mundu guztiak ordaindu dezakeen prezio baten truk, eta gustura egotekoa”.

Agur Orozko Rock

Autogestio eta auzolan eredu sendoaz gain, sosa ere beharrezkoa da edozein jaialdi aurrera eramateko, eta, Udalaren laguntza ekonomikoa badute ere, aurten ez dute jaso orain arte Bizkaiko Foru Aldundiak esleitutako dirulaguntza. Gertakizun horrek joera handiago bati erantzuten diola uste dute festibaleko antolatzaileek: “Ikusten ari gara ekitaldi kultural eta sortzaile txikiak alde batera geratzen ari direla. Orain tendentzia gauza masiboak egitea da, dena a lo bestia. Hainbat ekimen ezagutzen ditugu kulturaren arloan urtez urte ekitaldiak antolatzen ibili direnak, Aldundiaren laguntza jaso izan dutenak eta orain bat-batean ez”.

“Ikusten ari gara ekitaldi kultural eta sortzaile txikiak alde batera geratzen ari direla. Orain tendentzia gauza masiboak egitea da, dena ‘a lo bestia’”

Faktore garrantzitsu bat izan da hori jaialdiarekin amaitzea erabakitzeakoan; izan ere, zaila da orain arte planteatutako eredu eta formatuan ekonomikoki bideragarria izatea. Era berean, jendearen bizitza pertsonalak aurrera egiten du, eta duela ia hamar urte grin eta pasio handiz hasitako proiektuak nekatu ere egin ditu horretan buru-belarri dabiltzanak. “Hau ez da gure lana, bakoitzak bere lana eta bere bizitza du eta gero ordu pila bat sartzen ditu honetan. Guk ez dugu sosik ateratzen, kontrakoa”, azaldu dute. Orain, beste modu batean ere disfrutatu nahi dute musikaz, nahiz eta aitortu duten posible dela, etorkizunean, beharbada maila pertsonalean, beste ekitaldi edo kontzerturik antolatzea. Bost urtez ospatutako Orozko Rockek, ordea, ezagutu dugun formatuan, iragan larunbatean esan zuen agur betiko.

Espainiar estatuko hainbat musika jaialdi sustatzen ditu Israelen aldeko KKR funtsak besteak beste, Viña Rock, Resurrection Fest eta Arenal Sound

Alerta guztiak piztuta

Festibal handiek ez dute, printzipioz, eragin zuzenik izan Orozko Rockengan. Antolatzaileek kontatu dutenez, oso publiko zehatza dute: herriko, eskualdeko eta gehienez ere Euskal Herri mailako rockzaleak dira kontzertuetan biltzen direnak, eta gustura daude horrekin. Horrek ez du esan nahi, ordea, erraldoitasunaren joera horrek kezkatzen ez dituenik. Duela pare bat aste El Salto komunikabideak argitaratutako albistea bereziki larritu ditu Orozko Rockeko kideak, alegia, Israelen jardueraren aldeko KKR funtsa espainiar estatuko hainbat musika jaialdi sustatzen dituela, iaz Superstruct Entertainment enpresa erosi zuenetik. Izan ere, korporazio hori da, besteak beste, Viña Rock, Resurrection Fest, Monegros Desert Fest edo Arenal Sound makrofestibalen atzean dagoena. Israelgo estatuaren sektore teknologikoa bultzatzeaz gain, Palestinan modu ilegalean okupatutako lurraldeetan higiezinen sektorean jarduten du KKRk.  

Lan baldintza prekarioak ere jopuntuan egon izan dira makrojaialdietan. Esaterako, Bilboko BBK Liveko langileen gehiegizko lanaldiak (12 ordu baino luzeagoak) eta soldata miserableak (orduko hiru edo lau eurokoak) salatu izan dituzte urterik urte hainbat eragilek. Horrek, ordea, ez du Orozko Rockeko antolatzaile Josu Amundarain ezustekoan harrapatu: “gizateriak daraman norabidea ikusita ez nau harritzen, bizitzako beste edozein esparru eta sektoretan ere bizi dituzte langileek baldintza txarrak”.

Handi bai, baina ez makro

Kotxea hartu eta Amurriora goaz. “Benetan asko ikasi dut” dio Chiki Lorak jaialdia antolatzeko prozesuaz galdetzean. Bazuen esperientzia festibalak prestatzen, baina maila txikiagoan. Dena den, lan karga maila handi batera ohituta dagoela azaldu du, bira musikalak antolatzen dituen enpresa bat baitu, eta artista handiekin egin izan du lan. Trueno rapero argentinarra eta Luis Miguel abeslari ezagunak aipatu ditu. Jaialdi bera zerotik muntatzea, baina, ez da bere ohiko joko zelaia, eta musikari gisa izandako ibilbide luzeagatik, ikusmira horri eman nahi izan dio garrantzia: artistaren denborak errespetatzeari, soinuaren kalitatea ona izateari, eszenatokia baldintza onetan egoteari, eta azken finean, musikariek tratu ona jasotzeari.

Oholtza gainera igoko diren artisten eta haien lantaldeak zaintzeaz gain, publikoarentzat gozagarria izango den esperientzia bat da bilatu nahi izan dutena. Reforren izango dira kontzertuak, 5.000 sarrera jarri dituzte salgai, eta aste amaierarako guztiak saltzen ez badituzte, ez dira asko izango faltako direnak. Berez espazioak har ditzakeen aforoaren erdia da hori. Kontzertuetan, barretan, atseden hartzeko guneetan... giro atsegina egon dadin ahalbidetuko du horrek antolatzaileen arabera. Baina ez da, ezta ere, makrofestibal bat, eta hori nabarmendu nahi dute antolakuntzatik: “Hau ez da Viña Rock, ez da 15.000 mila pertsonako makrojaialdi bat”.

Esperientzia atsegina bakarrik ez eta gune seguru bat izatea ere espero duela aipatu du Chikik. Laura Macaya izan da eraso sexisten aurrean jokatzeko protokoloa ontzearen arduraduna, eta behin prest egon denean, segurtasuneko langile guztiei eta sail bakoitzeko arduradunei formakuntza saio bat eman diete. “Espero dugu ezer ez gertatzea, baina erasorik egongo balitz, pertsona hori lagundua izango da eta jaialdiko langileek jakingo dute nola jokatu”, azaldu du.

Hain zuzen, Aiara Festen sustatzaileetako bat eraso matxistagatik salatu zuten urte hasieran, eta jaialdiaren antolatzaileek publikoki jakinarazi zuten enpresako akziodunetatik atera zutela, jadanik jaialdiarekin inolako loturarik ez duela nabarmenduz. 

Ehunka bisitari etorriko dira asteburuan Amurriora zein inguruko herrietara, eta kontatu digutenagatik, aspalditik ez dago gaua pasatzeko leku librerik bertako ostatuetan. Modu positiboan baloratzen du hori Canteca de Macao taldeko abeslari ohiak: “Dena beteko da, komertzioek irabaziak izango dituzte eta Amurriok eta Aiaraldeak ikusgarritasuna lortuko dute, jende askoren ahoan egongo dira eta ona da hori”.

Tokikoari balioa

Sarritan ez bezalako kartel proposamen batekin estreinatuko da Aiara Fest, talde euskaldun entzutetsuenak estatuan zeharreko doinu eta estilo anitzekin elkartuko baitira asteburuan. Horrek horrela behar zuela ezin argiago zuen hasieratik Chiki Lorak, hau da, euskal talderik handienak ekarri nahi zituela, baina era berean horretara mugatuko ez zen egitarau bat prestatu nahi zuela: “Irekia izatea nahi nuen, ohituta gaudelako festibal bakoitzak oso estilo markatua izatera. Hainbat musika estilok elkar bizitzea nahi nuen”. Bi eszenatoki egongo dira baina kontzertuek ez dute elkar zapalduko, eta hamabi orduz jarraian musika ozen entzungo da Reforreko eremuan. 

“[Aiara Festen] bi eszenatoki egongo dira, baina kontzertuek ez dute elkar zapalduko”

Musikari gisa egindako hohei urteko ibilbidea gogoratu du, eta bidaia horretan egindako hainbat lagun gonbidatu ditu asteburuko festan jotzera: El Canijo de Jerez, O'Funk'illo eta Escorzo taldeetako kideak… Pozik dago Chiki Lora nahasketarekin, eta antza, ez da bakarra: “Ni herrian nago, jendeak esaten duena entzuten dut, eta badakit badaudela Gatibu edo Gorka Urbizu ikustera joango direnak, eta aldi berean El Canijo maite dutenak! Hori gertatzen da, errealitate bat da, eta dena jaialdi berean eduki ahal izatea polita iruditzen zitzaidan”.

Ospe handiko izenez gain, eskualdeko sortzaileei lekutxo bat ere egin izan diete Aiara Festen: Zinkha talde orozkoarra eta Amurrioko Izatefaltsua bertan izango dira, ostiralean lehenak eta larunbatean bigarrenak. Orozko Rocken, etxean, ere jo izan du Zinkhak, iazko edizioan. Izan ere, eskualdeko talde hasi berriek egitarauari hasiera emateko erritua mantendu nahi izan dute urterik urte. 

Kartelean bakarrik ez, sarreren prezioan ere eman nahi izan diote tokikoari balioa. Gauzak hala, Amurrioko herritarrek prezio berezian eskuratu ahal izan dute bi egunetako sarrerak. 40 eurokoa zen amurrioarrentzako abonuaren irteera prezioa, eta 50 eurokoa salneurri orokorra. Orain, egun gutxi batzuk baino falta ez diren honetan, 82,5 euroan eskuratu daiteke abonua, eta Amurrioko bizilagunek 55 euroko salneurri berezia dute eskura. Oso prezio egokitua, diote, ekitaldiaren dimentsioa kontuan hartuta.

Orozko Rocki agur, eta Aiara Festi ongi etorri, musikaz eta festaz blai amaituko da maiatza eskualdean. Antolaketa eredu antagonikoak dituzten bi jaialdi dira, herritik eta herriarentzat bata, eta merkatuaren logikari egokitua bestea. Joera orokorrago bati erantzuten dio egoerak, eta autogestioaren eta auzolanaren tradizio luze bat alde batera uzten duen arren, badirudi elkar-bizitza posiblea dela, momentuz behintzat. Gaur gaurkoz, zaila eskualdeko musika jaialdien etorkizuna nolakoa izango den irudikatzea, baina jakin badakigu dinamika berriek hausnarketa berriak ekarri beharko dituztela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide