Aiara Fest jaialdiak antolakuntzako kide bat kanporatu duela iragarri du, eraso sexista baten egile gisa identifikatua izan ostean

Aimar Gutierrez Bidarte 2025ko urt. 9a, 15:14

Abenduan aurkeztu zuten Aiara Fest jaialdia. / Aiaraldea.eus

Salaketa publikoa zabaldu dute Aiara Fest jaialdiko antolakuntzako kide baten aurka. Musika ekitaldiko arduradunek iragarri dute eraso sexistaren egile gisa identifikatutako pertsona kanporatu dutela, berarekin zuten harreman ekonomikoa etetearekin batera. 

Polemikak inguratu du Aiara Fest jaialdia. Duela hilabete aurkeztu zuten ekimena, eta azken asteetan bolo-bolo ibili dira jaialdiko antolakuntzako kide baten aurkako salaketa publikoak, eraso sexista baten egile bezala identifikatu dutelako. Gaur bertan iragarri du jaialdiak pertsona hori antolakuntzatik erretiratzeko erabakia.

Amurrioko Udaleko Berdintasun Batzordearen bileraren ostean egin du Aiara Festek erabakia publiko. Atzo bertan bildu ziren Amurrioko Udalean ordezkaritza politikoa duten alderdiak, Amurrioko Mugimendu Feminista eta jaialdiko antolakuntza, gaiaren inguruan hitz egiteko.

Salatutako pertsona musika jaialdiaren atzean dagoen sozietateko akziodunetatik atera dela azaldu dute jaialdiaren antolatzaileek, sare sozialetan publikatutako mezuan. Jaialdiko antolakuntzak ziurtatu du blokeatu egin duela kide horrek musika ekitalditik "edozein etekin ekonomiko lortzeko aukera".

Amurrioko Udalak zabaldutako oharrean adierazi du "Berdintasun Batzordeak Aiara Fest ingurune libre eta seguru batean garatzeko konpromisoa berretsi diela". Bide horretan, Aiara Fest jaialdiak berak ere iragarri du "jaialdiari egokitutako protokolo espezifiko bat" ezartzeko lanean hasi dela, "indarkeria matxista, homofobikoa eta transfobikoa berme osoz jorratzeko eta prebenitzeko". Horretarako, elkarlanean arituko dira Udalarekin berarekin.

Salaketa publikoa eta sarreren salmenta

Euskal Herriko eraso matxistak salatzeko sorturiko Denuncias Euskal Herria Instagram kontuak jaialdiaren antolakuntzako kide-ohiaren aurkako hainbat mezu bildu ditu azken egunetan. Salaketa publikoak haserrea piztu du honezkero jaialdiko sarrerak erosi dituzten hainbat herritarren artean.

Hori bideratzeko asmoz, aurretiaz sarrera erosi duten herritarrei hauek itzultzeko aukera eskaini die Aiara Fest jaialdiak. Txartelak itzuli nahi dituztenek urtarrilaren 31ra arte izango dute horretarako epea, kaixo@aiarafest helbide elektronikoan.

Ekintza judizialak

Bukatzeko, Aiara Festen antolatzaileek adierazi dute atea zabalik uzten dutela "egokitzat" jotzen dituzten "ekintza judizialak aurkezteko", norbaitek jaialdia "ustezko erasotzailearen edo jaialditik kanpoko beste edozein pertsonaren bizitza pribatuarekin edota jarrerarekin" lotzen badu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide