Hainbat hedabidek yihadismoarekin lotu dituzte atzo Amurrio eta Laudioko sarekadan egondako bi atxiloketak. Dirudienez, beste bat egon zen Valentzian.
Komunikazio taldeek ez dute iturri zehatzik aipatu, baina Aiaraldea Komunikabideak argitaratutakoarekin bat dator esandakoa, Amurrion eta Laudion (Gardea auzunean) izan zirela esku-hartzeak.
Akusazio zehatzen berri ere ez dute eman, nahiz eta yihadismoaren esparruan kokatu operazioaren arrazoia.
07:00etan agertu ziren atzo Guardia Zibil ugari (ibilgailu militarretan zein kamuflatuetan) eta eskualdeko bi eraikin inguratu eta gero, bi etxebizitza eta auto bat miatu zituzten.
Arabako Komandantziako prentsa zerbitzuak adierazi zion Aiaraldea Komunikabideari ikerketa sumarioko sekretupean zegoela eta horrela mantenduko dela epaileak kontrakoa agindu arte.